30 zentimoko deskontua izanen dute erregaiek Ipar Euskal Herrian
Joan den asteburuan, itzulera operazio betean, erregaien prezioak berriz igo ziren Ipar Euskal Herriko gasolindegietan. Garestitze horren aurrean, bihartik aitzin 30 zentimoko deskontua aplikatzen hasiko da Gobernu frantsesa, gaur egungo 18 zentimokoaren ordez.

Gobernu frantsesak hainbat neurri erantsi zizkion abuztu hasieran bozkatutako erosahalmenari buruzko legeari; bertzeren artean, bihartik, irailaren 1etik, urriaren 31ra arte erregaien deskontua 18 zentimotik 30era igotzea.
Iragan asteburuan, jendea oporretatik etxera bueltatzen ari zela, berriro ere gora egin zuten gasolindegietako prezioek Ipar Euskal Herrian. Gasolioa eta diesela batez beste 11 zentimo gehiago ordaindu behar zen litroko (1,95 euro); gasolinaren prezioa, berriz, gutxiago igo zen, zentimo bat (1,74 euro litroko).
Igoera horiek Gobernu frantsesaren deskontua aplikatzen hasi baino egun gutxi lehenago egin ziren. Gaur egun 18 zentimoko beherapena izaten dute auto gidariek erregaietan, eta bihartik aitzin 30 zentimokoa izanen dute.
Epe laburreko neurria izanen da
garestitzeari aurre egiten laguntzeko asmoz onartu den hau, urriaren 31ra arte iraunen baitu soilik, baina ez da bakarrik etorriko. Gobernu frantsesak erabaki gehiago ere hartu ditu oporren buelta honetan poltsikoan sosik gabe ez gelditzeko.
Adibidez, laguntza sozialak jasotzen dituztenei aparteko diru sarrera bat emanen die. Eskolara joateko adinean diren haurrak dituzten familien dirulaguntza %4 handituko du. Zati bat abuztu erdialdean eman zuen eta irailaren 1 honetan ordainduko du falta dena. Gainera, familia bakoitzeko 100 euroko laguntza bat emanen du, eta 50 eurokoa ume bakoitzeko. Irailaren 15ean eginen da ordainketa hori.
Unibertsitateko ikasleek ere jasoko dute bultzada etxebizitza ordaindu ahal izateko, eta laguntza hori bateragarria izanen da ikasketa bekarekin.
Inflazioaren eragin itzela arintzeko
lege beraren barnean -%6,1ekoa uztailean- Emmanuel Macronen Gobernuak %4 handitu zuen ikasketa beken zenbatekoa, baita erretiratuen pentsioena eta ezintasunen bat dutenek jasotzen dutenena ere.
Bestalde, unibertsitateko ikasleek euro batean jaten ahalko dute menua, pandemian hartu zen neurriari jarraiki. Horrekin, antolakunde sozialen janaria eskuratzeko ilara egiten zuten ikasleen “irudi txarra” eragotzi nahi zuen Parisko Gobernuak.
Jantokirik ez duten enpresetako langile aunitz hartzen dituzten jatetxeetako tiketak elikagaiak lortzeko eta familiako erosketako saskia merkatzeko erabil daitezen ere onartuko dutela iragarri du.
Estatu frantsesean 3,8 milioi soldatapeko langilek baliatzen dituzte neurri horren onurak. Ez da nahitaez bete beharreko neurria, baina enpresa ugarik aplikatzen dute abantaila fiskalen truke.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
