Maite UBIRIA
BAIONA

Urruñako eskola publikoan murgiltze eredua izanen da

Pirinio Atlantikoen Departamenduko Hezkuntza Ikuskaritzak euskarazko hezkuntzari buruzko azken doikuntzak jakinarazi ditu. Larraine, Barkoxe eta Irisarrin ezezik, Urruñako erdiguneko eskola publikoan ere murgiltze eredua plantan emanen dute.

Udan hainbat protesta izan ziren eskoletan.
Udan hainbat protesta izan ziren eskoletan. (Guillaume FAUVEAU)

Ikasturtea hasi berria dela, Pirinio Atlantikoen Hezkuntza Ikuskaritzak euskarazko hezkuntzari buruzko azkeneko doikuntzak jakinarazi ditu. Larraine, Barkoxe eta Irisarrin ezezik, Urruñako erdiguneko eskola publikoan ere murgiltze eredua plantan emanen dutela jakinarazi du aipaturiko egiturak astelehenean Pauen eginiko bileraren ostean.

Urruñako eskolako ordezkariek GARAri azaldu diotenez, dagoeneko ekainean galdetu zuten ama eskolako sekzio handian klase bat irekitzea euskaraz eta finean, ikasturtea hasita dagoen arren, irailean heldu den baieztapena «baikor» hartu dute.

Urruñako Herriko Etxearen sostengua ukan dute eskolako azken zikloan euskarazko klase berria irekitzeko eskaera luzatu duten gurasoek zein eskolako talde pedagogikoak.

2.700 ikasle gutxiago

Ohi bezala, uda aitzin ikasturte berriari buruzko “eskola karta”-ren behin-behineko bertsioa jakinarazi zuen Pirinio Atlantikoen Hezkuntza Ikuskaritzak. Orduan jakin zen Larrainen, Barkoxen eta Irisarrin murgiltze ereduaren alde emandako borroka luzeak fruitua eman zuela.

Irailaren 5ean, irakaskuntza alorreko sindikatuekin kontsultak egin ostean, 2022-2023 ikasturtean Ipar Euskal Herriko zein Biarnoko eskoletan izanen dituzten behin betiko baliabideak zehaztu zituen ikuskariak.

Azken bost urteotan, 2.700 ikasle galdu dira Euskal Herria barne den departamenduan. Bilakaera demografikoak, ordea, ez du ikasgelen itxiera orokortzea ekarri. Testuinguru horretan, Unsa sindikatuak begi onez hartu du irakasle postuen galera saihesteko Ikuskaritzak agertu duen borondatea. Hala ere, jakin behar da Hexagono mailan irakasleen falta handia dagoela.

Ikasturte hasieran eginiko agerraldian erabakia txalotu zuen Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak, euskara aitzinera eramateko «denok garela beharrezko» mahaigaineratuz. Izan ere, nonahi euskaraz ikasteko bermeak eskatu zituen Peio Jorajuriak, azterketak euskaraz egiteko oraindik ere indarrean dauden oztopoak gainditzeko beharra gogoraraziz.

Behin-behineko “eskola mapa”-ren arabera, lau eskoletan murgiltze eredua baieztatzearekin batera, euskarazko hainbat irakasle postu gehiago aurreikusi ditu ikasturte honetan Ikuskaritzak.