Igartza saria Lizar Begoñari, Benidormeko kiosko bat bizi dadin
Benidormeko kiosko bat eta bertako bi belaunalditako bi andrazko langile. Testuinguru horretan kokatuko du Lizar Begoña idazle bizkaitarrak Igartza sariari esker garatuko duen “Itzalkinak eguzkitan” eleberria, paperaren eta pantailen arteko munduak nahiz belaunaldien arteko arrakalak erakutsi asmoz. Bere lehenengo nobela izango da, orain arte poesian aritu ostean.

Lizar Begoña (1996) idazle sopelarrak jaso zuen atzo 2022ko Igartza saria, XXV. edizioan, “Itzalkinak eguzkitan” proiektuarekin. Benidormeko kiosko bat hautatu du eszenatoki gisa eta bertako bi andrazko langileak izango ditu protagonista eleberriak.
Hamaika lanen artean aukeratu du Irati Jimenez, Oihane Amantegi eta Garazi Kamio idazleek osatutako epaimahaiak idazle bizkaitarraren proiektua. Aurretik poesian aritu da Begoña -“Aro beilegia” lana argitaratu zuen Balea Zuria etxearekin 2020an eta, aurten, “Leopardo japoniarrak” Susarekin- eta eleberrira joko du lehen aldiz.
Hala, orain, urtebeteko epea izango du Begoñak “Itzalkinak eguzkitan” landu eta osatzeko, bere literatur ibilbidean poesiatik eleberrira lur hartzeko. «Poesia bide oso zuzen bat izan da niretzat, baliabide bat nire pentsamenduak ahalik eta arinen plazaratzeko. Eleberriak beste erritmo bat izango du, gehiago pentsatu beharko dut, baina gogoa nuen diziplina honetan sartzeko, uste dudalako poesiarekin ez naizela iritsiko hain zabala den gai bat lantzeko», azaldu zuen atzo idazleak.
Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak banatzen duten Igartza saria iragartzeko prentsaurrekoan, Donostiako udal liburutegian, eman zituen Begoñak “Itzalkinak eguzkitan” lanaren zertzelada batzuk. Benidormeko kiosko bat izango da eleberriaren «nukleoa» eta han lanean ari diren bi emakume izango ditu protagonista.
Paperezko langilea eta langile digitala
65 urte ditu protagonistetako batek: paper artean sortua eta sartua izango da. Berak, familiarekin batera, ireki zuen kioskoa, Benidormek boom turistikoa bizi zuen garaian. Ez du guztiz ulertuko, alta, pantailetara emana den orainaren errealitatea, hainbat kiosko itxiarazi eta egunkariak findu dituena.
Ez, bederen, bigarren protagonistak bezain ondo. Sare sozialetan, pantailetan, sartua da 27 urte inguru dituen beste protagonista hau -«nire adinekoa», esan zuen Begoñak-, belaunaldi berriaren ordezkari. Belaunaldi baten eta bestearen artean nola, paperaren eta digitalizazioaren artean den inflexio puntua edo kontrastea irudikatuko du Benidormeko kioskoak.
«Kioskoa orainaldi erreala izango da; kontakizuna beti itzuliko da kioskora. Baina oroitzapenak edo etorkizunerako pentsamenduak bertan gertatuko dira», azaldu zuen idazle sopelarrak aurkezpenean.
Umoretik nahiz gordinetik
“Itzalkinak eguzkitan” eleberriaren kapitulu bakoitzak, txandaka, protagonistetako baten lan-jarduna kontatuko duela azaldu zuen Lizar Begoñak. Hala, jasoko du andrazkoek kiosko barruan pentsatzen dutena edo saltoki barrutik zer ikusten duten kanpoan; kioskoa den kapsula arraro horretatik nola ikusten den mundua.
Promestu zuen eleberriak umore eta ironia zantzuak izango dituela, turistifikazioaren osteko paisaia «hits» bat erakusten duen Benidormen, bandera espainolak, zezenak eta bestelako souvenir-ak saltzen dituen kioskoan.
Bestalde, idazketa estilo berezia emango die Lizar Begoñak protagonistek lehen pertsonan kontatuko dituzten istorioei. «Arauak apurtuko» dituela edo, bestela esanda, «hizkuntzarekiko errespetu falta» landuko duela ohartarazi zuen, baina «modu kontzientean». Aurora Venturini idazle argentinarraren “Las primas” lana aipatu zuen idazkera «gordin» horren erreferentzia gisa.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
