GARA
GASTEIZ

Suizidatzeko arriskuan zeuden 300 pertsona artatu dituzte EAEn

Larunbatean Suizidioaren Prebentziorako Munduko Eguna dela-eta Lakuak jakitera eman duenez, Suizidioren Barne Kodea ezarri zuenetik 300 lagun baino gehiago artatu ditu Osakidetzak. 2021ean, Hego Euskal Herrian, 206 lagunek egin zuten beren buruaz beste.

Osakidetzak arrisku egoeran dauden 300dik gora lagun detektatu ditu, kode berria ezarrita.
Osakidetzak arrisku egoeran dauden 300dik gora lagun detektatu ditu, kode berria ezarrita. (GETTY IMAGES)

Osakidetzak Suizidioaren Barne Kode berria ezarri zuen apirilaren 26an EAEko osasun sare publiko osoan, eta, orduz geroztik, arrisku egoeran zeuden 300 pertsona baino gehiago detektatu eta artatu ditu. Hala ziurtatu zuen atzo Lakuako Osasun Sailak, datorren larunbatean Suizidioaren Prebentziorako Munduko Eguna dela eta zabaldutako oharraren bidez.

Protokolo hori Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren esparruan jarri zen abian. 2019an sortu zen, horren eragina murrizteko. Emandako datuen arabera, planeta osoan pertsona batek 40 segundotik behin egiten du bere buruaz beste. EAEn, bi egunetik behin pertsona batek. Espainiar Estatuan, adibidez, egunean 10 lagunek egiten dute beren buruaz beste.

Lakuak plazaratutako datuen arabera, 2002an 187 suizidio izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 2012an, 180 eta 2021ean, 148. Osakidetzak azaldu duenez, protokoloa ezartzeaz gain, «beste aurrerapen batzuk ere lortu dira; besteak beste, 024tik, jokabide suizidak dituzten pertsonei arreta ematen dien telefono zerbitzutik, larrialdi zerbitzura igarotzea».

Nerabeen depresioa prebenitzeko baheketa protokolo bat ere badago martxan, Lehen Mailako Arretako Pediatria zerbitzuen bidez. Gainera, neurri horiei hezkuntza arloko protokolo berri bat gehituko zaie, eta datorren astean aurkeztuko da, ikastetxeetan arrisku kasuak detektatzeko.

Nafarroari dagokionez, azken datu ofizialak 2021ekoak dira. Iaz 58 lagun suizidatu ziren; hau da, sei egunetik behin. Hain zuzen ere, zifra hori aurreko urteetakoak baino altuagoa da. Izan ere, 2020an 44 lagunek hartu zuten erabaki hori eta 2019an 45ek.

2020an, nafar Gobernuak Osasun Mentaleko Plana aurkeztu zuen, bere buruaz beste egiteko arriskua duten pazienteen detekzioa eta jarraipena hobetzeko tresna berriak garatzeko ahaleginean.