Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altunari pilota gosea sartzen zaionean hobe da parean ez egotea

Ander Imaz oso on batek lagunduta, airean eraman zituzten amezketarrak eta oiartzuarrak ezer egiterik izan ez zuten Urrutikoetxea eta Rezusta. Emaitza honekin, ostiralean Zestoan 17 tanto egin zituzten Jaka-Zabaleta ere Masterseko finalerdietarako sailkatu dira.

Jokin Altuna oso maila onean itzuli zen atzo Hondarribira.
Jokin Altuna oso maila onean itzuli zen atzo Hondarribira. (Andoni CANELLADA FOKU)

Berez aurkari makurra ez eta, pilota gosez dagoenean Jokin Altunaren aurka jokatu beharra zigor moduko bat bilakatu da gainerako pilotazaleentzat. Ez omen da gozagarririk ez dakarren berri txarrik eta amezketarra uda honetan izaten ari den lesio txikiek ere ekarri dituzte euren ordainsariak. Alde batetik, amezketarra astero, udan ia egunero, ikusten ohituta, irrika bereziz hartu ditugu bere aurtengo berragerpenak eta, batez ere, Amezketako aurrelariak horren gutxi behar duenez bere mailarik onena berreskuratzeko, partida bakoitza gozagarri izaten ari da. Aurreko bietan bezala, fresko eta pilota gosez itzuli zen atzo Hondarribira eta Jostaldin eman zuen erakustaldia aspaldian aurrelari batek eman duen handienetakoa izan zen, batez ere partidaren lehen erdian. Denera 14 tanto egin zituen jokoan -4-12koan 9 zituen berak eginak- eta erauntsi horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuten lehiaketatik at geratu diren Urrutikoetxea-Rezustak.

Izan ere, gipuzkoarren 7-22ko garaipenarekin, ostiralean Zestoan 17 tanto egin zituzten Jaka-Zabaletak aurrera egin dute eta Ezkurdia-Mariezkurrenaren aurka jokatu beharko dute finalerdietako bat. Irribarria-Albisu izango dira gaurko garailearen arerioak. Finalerdi hauek hilaren 30ean jokatuko dira, Nafarroa Arenan eta ordurako lau bikoteen sasoiak oso bestelakoak izan daitezke.

Bestelakorik espero bazen ere, Hondarribiko partidak kolore bakarra izan zuen, hasiera txukun baten ondoren Urrutikoetxea-Rezusta 4-2 aurreratu baziren ere. Zaratamokoak eta bergararrak jokatzeko zeudela ziruditen hasiera horretan, baina benetan jokatzeko zegoena Jokin Altuna zen eta amezketarraren irrikak aurretik eraman zituen. Lehen tantotik, fresko, pilota guztiak gozatuz eta aurkariak alde batetik bestera mugitzen aritu zen amezketarra, atsedenak sekulako mesedea egin izan balio bezala. Donostiako eta Bilboko feriak galdu izana nahikoa zigor izan zen beretzat eta bueltan pilotakada bakoitzaz disfrutatu nahi balu bezala aritu zen.

GOITIK BEHERA.

2-1ekoan aukera-aukerako pilota bat behera bota bazuen ere, hasiera txundigarria izan zuen aurrelari gipuzkoarrak, errematean zorrotz, baina baita bere buruari kolpez aukera handiak sortuz, tantoa atzean amaitzen ez zuenean. Ale ikaragarriak utzi zituen Altuna III.ak Hondarribian, zabal-zabaletik 4-5ean jotako bi paretakoa esaterako.

Hainbesterako, ezen Ander Imazen lan ikaragarria ere itzalean utzi zuen. Baina ez litzateke justua izango oiartzuarraren partida handia aipamenik gabe uztea, berak ere partida latza jokatu baitzuen. Rezustari eusteaz harago, kilimak ere bilatu zizkion bergararraren eskuina bilatuz, ez zuen huts bakarra egin eta kantxa asko betetzeaz gain, bi tanto ere lortu zituen, bata suertez eta bestea boleaz bi paretako on bat jota.

Eta aurkarien nagusitasun horren aurrean, Urrutikoetxea eta Rezustak ez zuten ezer egiterik izan eta azkar xamar partidatik irten ere egin ziren, nahiz eta gutxitan izango duten, 22ra heldu gabe, aurrera egiteko beste aukerarik. Kontua da 18 tanto behar zituztela eta atzoko Altuna-Imazen aurka horrek ezinezkoa zirudiela.

BIKUÑAK MIN HARTU.

Atariko partidan, 10-4 galtzen ari zela, Iñigo Bikuñak min hartu zuen dortsalean eta ez zuen jokatzen jarraitzerik izan. Gaur egingo dizkiote zuntz hausturarik duen ikusteko beharrezko mediku probak.