«Sakoneko» aldaketak hauspotzeko independentzia aldarrikatu du Sortuk
«Independentziarako indarra» lelopean, manifestazio jendetsua egin zuen Sortuk Donostian, Kontxako Banderaren bigarren igandean. Independentzia egun bizi den egoera «ezegonkorraren» aurrean «sakoneko» aldaketak hauspotuko dituen konponbidea dela sinesten du ezker abertzaleko alderdiak.

Hainbat lagunek bat egin zuen “Independentziarako indarra” lelopean Sortuk Donostian deitu zuen manifestazioan. Euskal Herriaren independentziaren aldeko oihartzuna ozen entzun dadin egun berezia hautatu zuen alderdiak: Kontxako Banderaren bigarren igandea, eta jendez gainezka zegoen hirian gainezka egin zuen manifestazioak ere. 13.30ean abiatu zen Bulebarretik, estropadak bukatuta zirela. Lasterketa batek besteari eman zion testigua eta, arraunlariek nola, «paladaz palada» independentziarako bidea egitera deitu zuten Sortuko arduradunek.
«Gaurko egunez, jaia eta aldarria uztartu nahi izan ditugu», adierazi zuen Aritz Arzallus Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoak manifestazioa hasi aurretik. Hala ere, esan zuen Sortu jakitun dela «garai ezegonkorra ari garela bizitzen, baita Euskal Herrian ere». «Eta ez da katastrofe natural bat, batzuek saldu nahi diguten moduan -aipatu gabe, baina EAJri egin zion erreferentzia, ‘ekaitza’ zetorrela esan baitzuen Urkulluk urte politikoaren irekiera ekitaldian-. Egoera honek erantzuleak ditu, izen-abizenak dituztenak», ohartarazi zuen.
Arzallusen esanetan, «herri honetan, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen sakoneko eraldaketarako lidergo berri bat behar da». Lidergo hori ezker independentismoak hartu behar duela defendatu zuen, bereziki eta «berehalakoan» Gipuzkoan.
Musikaz lagunduta zeharkatu zituen martxa jendetsuak Donostiako kaleak: Selektah Stepi taldeak kamioi baten gainetik gidatu zuen independentziaren aldeko mobilizazioa eta dantzan jarri zituen “Independentziarako indarra” lelo koloretsua zuen pankartari heltzen zioten lagunak. Atzetik, milaka lagun, Sortuk Euskal Herria eraikitzeko beharrezkotzat dituen zazpi zutabeak -sozialista, euskalduna, feminista, ekologista, askatasuna, harrera eta independentzia- eta dozenaka ikurrina eta bandera nafar.
«Guztia alda dezakeen indarra»
Bulebarrean amaitu zen manifestazioa eta kamioiko oholtzara igo zen Aritz Arzallus. Manifestazioan batu zen jende andanari zuzendu zitzaion, lehenik euskal preso, iheslari, deportatu eta haien senideei «agur berezi bat» luzatuz. Munduak eta Euskal Herriak bizi duten egoera «ezegonkorra» aipatu zuen beste behin, eta ohartarazi «kapitalaren logikak agintzen duenean bizitzak atzera egiten duela». «Eta zeinek ordaindu behar izaten du? Emakumeek, gazteek, pertsona arrazializatuek, pentsiodunek, langileek... horrek ezin du horrela izan», nabarmendu zuen.
Horren aurrean, Euskal Herriak «sakoneko» aldaketa bat behar duela aldarrikatu zuen Arzallusek. «Egun dauden zimendu pitzatu eta grisen ordez, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituzten zimendu sendoek eutsi behar diote herri eta jendarte honi. Horretarako, herri honek burujabea izan behar du», esan zuen. Horrek janzten du zentzuz, bere ustez, «independentziaren indarra», hain zuzen, «guztia alda dezakeen indarra».
Baikor agertu zen Sorturen Gipuzkoako arduraduna, argi esanez «itsasoa erabat mugituta» dagoen arren, aldaketak «eragin» egingo dituztela. «Ez baitago ezer idatzita, jokoan baitago bandera. Guri idaztea eta borrokatzea tokatzen zaigu. Euskal Herrian badago alternatiba», agertu zuen.
Sortuk deitutako mobilizazioaren aurretik, 13.00etan, euskal presoen amnistia eskatu zuen Aske kolektiboak deitutako beste manifestazio batek. Ehun lagun inguru abiatu ziren Bulebarretik.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
