Heriotza duina ilustratzaileen begietatik, Donostian
Heriotza duinaz zer du esateko arteak? Hauxe, Kataluniako Duintasunez Hiltzeko Eskubideen elkarteak (DMC-Cat) hainbat sortzaileri luzatu zien galdera. Denera, 30 obra ikus daitezke orain Donostian, euskal artistek egindako beste bost lanekin osatuta.

Heriotza duinaren lege berria onartu aurretik jarri zen abian proiektua. Gasteizen eta Iruñean ikusgai egon ondoren, Donostiara iritsi da orain. Gaur zabalduko da, Okendo kultur etxean, Gros auzoan.
Kataluniako hasierako sorkuntza lanei beste batzuk batu zitzaizkien Estatuan zehar egindako bidean. Eta Euskal Herrira iristean bertako bost sortzaileren obra gehitu da erakusketara. «Lege berria onartuta zegoen ordurako. Eta bertako artistak ere gonbidatu nahi izan genituen», azaldu du Jon Aizpurua Donostia Kulturako ordezkariak.
Kataluniako artisten lanek formatu bera dute; aldiz, Euskal Herrikoek eskuak libre izan dituzte, bai tamainari dagokionez, bai egiteko moduan.
«Gaia konplexua da modu artistikoan islatzeko, baina uste dugu lortu dugula», onartu du Aizpuruak. Euskal Herriko Duintasunez Hiltzeko Elkartearekin (DMD-DHE) elkarlanean atondu da erakusketa eta aurrera begira kolaborazioarekin jarraitzeko asmoa agertu du Aizpuruak.
DMD-DHEko kide Marta Barandiaran pozik agertu da gaur goizean hedabideen aurrean egindako agerraldian. «Oso proposamen interesgarriak egin dituzte ilustratzaileek», adierazi du.
«Heriotza periferiatik erdigunera» ekartzeko ahaleginaren baitan prestatu da erakusketa, oraindik lan asko baitago egiteko alor honetan. «Solasean ibili behar dugu heriotzarekin, bizitzaren parte baita», nabarmendu du Barandiaranek erakusketaren aurkezpenean.
Jarduerak
Erakusketaren inguruan hainbat ekimen gauzatuko dira datozen asteetan. Parte hartu duten bost euskal artistek euren ikuspegiaren eta planteamendu artistikoaren nondik norakoen berri emango dute, txandaka. Irailaren 20an Iñaki Martiarena “Mattin” hasiko da; hilaren 28an Garbiñe Ubedaren txanda izango da; urriaren 5ean Izaro Mariezkurrenak emango ditu azalpenak; urriaren 19an Gotzon Garaizabalek hitz egingo du eta azkenik, urriaren 16an, Aitziber Alonso izango da protagonista. “Asteko pieza” izenburupean, saio guztiak euskaraz izango dira, 19.00etatik aurrera.
«Heriotza koloreztatu».
Izaro Mariezkurrena bertan izan da gaur goizean, aurkezpenean. «Desiratzen ari naiz jakiteko nire lanak zuengan zer piztu duen», esan die antolatzaileei. «Heriotza koloreztatu nahi izan dut, sufrimenduaren ondoren askok ikusten duten argia irudikatu», adierazi du Mariezkurrenak.
Bisita gidatuak ere izango dira. Carmen Monreal Irigoien elkarteko kidea arduratuko da bisitak gidatzeaz. «Edertasuna nagusitu da erakusketan, nahiz denetariko sentimenduak dauden, tristezia barne. Kolore eztanda da, bizitzatik heriotzara egin behar dugun bidea alaitasunez egin daiteke-eta», adierazi dio Monrealek NAIZi. Aukera ugari eskaintzen duenez, sortzaileek akuarelaren teknika hautatu dute ilustrazioak sortzeko unean. «Kolore asko erabil daitezke eta urarekin nahasten denez, jariakortasun handia ematen du», gaineratu du.
Magia, clownak, antzerkia, ipuin kontalariak... Denetarik aurki daiteke antolatutako ekitaldietan. Baita hitzaldi eta mahai-inguruak ere. Aurretiazko borondateen dokumentua nola osatu argituz tailerra ere eskainiko zaie bertaratzen direnei. «Biribil geratu da, ikuspegi poliedriko oso polita osatu da», esan du Barandiaranek.
Urriaren 31 bitartean egongo da irekita erakusketa.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
