Udaltzainen B2 eskaera ezeztatzeak ez duela eraginik dio Urtaranek
Gasteizko Administrazio Auzitegiak EAEko udaltzaingoen lan poltsetan B2 hizkuntza eskakizuna ezeztatzea erabaki ondotik, aurkakotasuna adierazi dute eragile gehienek. Gasteizko alkate eta Eudeleko buruak, aldiz, ez du uste «benetako eraginik» izango duenik.
Astelehenean Gasteizko Administrazio Auzitegiak emandako epaiaren zehaztasunak oraindik argitzeke, hizkuntza eskubideak urratzen dituela esan zuten atzo hainbat eragilek. Izan zen legearen eragin praktikoa zalantzan jarri zuenik, eta gehienak helegitea jartzearen alde azaldu ziren.
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko lehendakariak Radio Euskadin adierazi zuenez, tokiko administrazioek helegitea jarri beharko lukete «dudarik gabe». Hala ere, bere ustez, epaiak ez du «benetako eraginik» izango. Argitu zuenez, epaileen erabakiak lan poltsetarako sarbidea ematen du B2a izan gabe, baina ondoren tokiko administrazioen esku geratuko da langileei hizkuntza eskakizuna egiteko aukera.
Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, epaiari helegitea jarriko diotela jakinarazi zuen. Azaldu zuenez, ez du aintzat hartzen euskararen eta gaztelaniaren «bizikidetza errazteko azken 40 urteetan Euskadin garatu den legegintza prozesua». Gainera, «gero eta udal gehiagok eskatzen dute bertako langileek euskaraz artatzeko gaitasuna izatea».
EAEko Segurtasun Sailak ere helegitea jarriko du «ziurrenik». Izan ere, udaltzainek herritarrekin euskaraz komunikatu ahal izatea «estrategikotzat» jotzen du.
EAJko Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxak Bizkaia Irratian esan zuenez, hizkuntza eskubideak urratzen ditu epaiak. Bestalde, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak euskararen normalizazioaren aurkako beste «eraso» bat dela adierazi zuen. Azken urteetan euskararen aurkako erabaki judizialak ugaritzen ari direla eta beste hizkuntza ofizialek ez dutela «tratu» bera jasaten nabarmendu zuen.
Behatokiaren ustez, herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi bada łan poltsan dauden hautagaiek euskarazko arreta bermatzeko gai izan behar dute. Iritzi berekoa da Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko arduraduna ere. NAIZ Irratian «ofentsiba judizialtzat» jo zuen azken epai hau, eta gaineratu zuen «botere judiziala hizkuntza politika» egiten ari dela.
UGTren salaketagatik
UGTko Raul Arzakek «ez dramatizatzeko» esan zuen. «Oso arraroa» iruditzen zaio administrazioko edozein zerbitzutan norbaitek euskaraz artatua izan nahi eta «ezinezkoa izatea». Gainera, B2a beharrezkoa balitz, hainbat langilek lana galtzeko arriskua izan lezaketela adierazi zuen. Oroitu behar da UGTren salaketa baten ondorioz heldu dela epaia.
ELA eta LAB ere erabakiaren aurka agertu ziren ezinbestekotzat dutelako B2a.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
