GARA
BILBO

Etxanobe, lehen emakumea EAJren Bizkaiko ahaldun nagusi izateko

Elixabete Etxanobe Landajuela izango da EAJren zerrendaburua Bizkaian, atzo “Deia” egunkariak jakinarazi zuenez eta alderdiak gero baieztatu zuenez. Bezperan jakinarazi zen Unai Rementeriak ez zuela ahaldun nagusi karguan segitzeko asmorik eta erabaki honekin (oraindik berretsia izan beharko dena), lehenbiziko aldiz emakume batek hartuko du zerrendaburu postua.

Lakuako Gobernuan zein Bizkaiko Aldundian bigarren mailako ardurak izan ditu Etxanobek. Besteak beste, Segurtasun arloko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea izan da, Josu Erkoreka buru duen taldean.

Zuzenbidean lizentziaduna da. Bere jaioterria den Otxandioko Udalean egin du lan aurretik, baita Durangokoan ere.

EAJko alderdikide da 2006tik, eta Otxandion zinegotzia izan da. Gaur egun, udalerri horretako Udal Antolaketako idazkaria da. Euskaraz, bere ama hizkuntzan, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egin eta idazten du, alderdiak nabarmendu duenez.

Rementeriaren erabakiak orain arteko joera zuzentzeko aukera erraztu dio EAJri, erakundeetako ardura nagusiak beti gizonengan jarri dituelako.

Gipuzkoan ere gerta liteke emakumezko bat zerrendaburu jartzea, alde batera egingo duelako orain arte ahaldun nagusia izandako Markel Olanok ere. Bide batez, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari izateko hautagaia ere jakinarazi du EAJk: Ana Otadui izango da.