Asier ROBLES
EUSKO IKASKUNTZAREN 26. SINPOSIOA

Kultur kudeaketa feminista baterako bidea marrazten

Eusko Ikaskuntzak antolatutako Bilboko Sinposioaren 26. edizioak kultur politika feministen beharra eta haien indar soziala nabarmendu zituen atzo Bizkaiko BBK Kuna espazioan. Oraindik bide luzea dagoela adierazi zuten parte-hartzaileek, baina taldean eta elkarri babestuz lanean aritzea «funtsezkoa» dela nabarmendu zuten.

Eusko Ikaskuntzaren «Kultura kudeaketa begirada feminista batetik» sinposioa.
Eusko Ikaskuntzaren «Kultura kudeaketa begirada feminista batetik» sinposioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Zein pauso egin beharko genituzke kultur kudeaketa begirada feminista batetik egiteko? Nola lortu berdintasuna kulturarako sarbidean, ekoizpenean eta bizitza kulturalaren erabateko gozamenean? Ba al dago Euskal Herrian bide hori jorratzen ari denik? Zein muga eta zein indargune izan dituzte ekimen horiek?

Galdera horiek mahaigaineratu zuten atzo Eusko Ikaskuntzak antolatutako Bilboko Sinposioaren 26. edizioan. “Kultur kudeaketa begirada feminista batetik” izenburupean, Bilboko Udalaren eta Emakunderen laguntza duen jardunaldiak profesionalen, ikasleen eta gizarte-eragileen parte-hartze zabala izan zuen.

Kultura-politika feministetarako bideak aztertu ziren, kultura bizitzan, sorkuntzan eta ekoizpenean eta kultura gobernantzan genero desberdintasunik eta diskriminaziorik gabe parte hartzea bermatzeko.

Taldean eta elkarri babestuz

Haizea Barcenillak eskaini zuen hasierako konferentzia eta ondorengo galdera egin zuen: kultur kudeaketa feminista, utopia ala helburu? UPV-EHUko irakasleak kulturaren esparruan hainbat modutan eta kokapenetan jarduten duten emakumeen esperientzia eta estrategien bilduma aurkeztu zuen.

Elkarrizketa eta truke lan luze baten ondoren, sei eremutan bildutako ondorioen berri eman zuen: prekaritatea, denboraren kudeaketa, ikusgarritasuna, autoritatea, balioztatzea eta espazio seguruak eta saretzekoak bermatzea. Haizea Barcenillaren ustez, oraindik ere bide luzea dago kultur kudeaketa feminista lortu arte, baina hala eta guztiz ere, «funtsezkoa da taldean eta elkarri babestuz lanean aritzea».

Sinposioan solasaldi sortzaile bat izan zen, Ainara Azpiazuren (Tupust!Kolektiboa) eta Ane Labakaren (Bertsolari Feministen Sarea) partaidetzarekin. Eta Artaziak Taldeak kultur kudeaketa feministaren ahulguneak eta indarguneak lantzeko tailerra gidatu zuen.

Ondoren, jardunbide egokiei buruzko mahai-inguru bat izan zen, Oskia Ugarte (Huarte zentroa), Miren Jaio (Bulegoa) eta Usue Arieta (Tractora) partaide izan zirela. Hirurek deskribatu zuten beren ibilbidea mundu artistikoan, baita gaur egun lantzen ari diren proiektua ere.

«Tractora makina bat da. Haren kide diren artistek erabili egiten dute beraien proiektuak garatzeko. Ez da kolektibo bat; artisten kooperatiba bat da. Une bakoitzean Tractora osatzen duten artistek nahi dutena da kooperatiba hau. Hainbat proiektu atera dira azken urteetan», azaldu zuen Usue Arietak. Bide beretik, artisten burujabetza garrantzitsua dela nabarmendu zuen.

Prekaritatearen eta burokraziaren kontra

Ugartek nabarmendu zuen kultur munduko prekaritatearen eta gehiegizko burokraziaren aurka borrokatu behar dela, «askotan lana oso zaila egiten dutelako».

Jaiok taldean lan egitearen aberasgarritasuna goraipatu zuen eta hurrengo baieztapena utzi zuen: «Kontua ez da feminismoak kudeaketa kulturalean egon behar duela, kudeaketa kulturalak feminista izan behar duela baizik». Bestalde, belaunaldien arteko lotura ez galtzearen beharra nabarmendu zuen.

Amaitzeko, Virginia Imaz artistaren “Clownclusiones” emanaldia izan zen, ondorioak umorez bildu zituena.

Emakundek, sinposio honen laguntzaileetako batek, ondorengoa adierazi zuen: «Andozentrismoa eta emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa nagusi diren gizarte batean bizi gara. Horregatik, kultur kudeaketan ere errealitate sinboliko berri bat eraikitzeko, begirada feminista egotea beharrezkoa da».