GARA
BAIONA

EAEk 2040an izan nahi duen langabe tasa izan zuen iaz Ipar Euskal Herriak

«2040rako Euskadiko Ongizaterako Lehiakortasuna: ekintzarako gogoeta» prozesuan diharduten erakundeek EAEn langabezia tasa %6tik beherakoa izatea dute helburu. Alta, Ipar Euskal Herria dagoeneko kokatu da langa horretan. Euskal Elkargoak jakitera eman duenez, azken hamarkadako langabezia tasarik baxuenera iritsi zen 2021ean: %6,2kora.

Alkik izanen duen tailer berriaren lehen harria ezarri zuten, atzo, Larresoron.
Alkik izanen duen tailer berriaren lehen harria ezarri zuten, atzo, Larresoron. (Euskal Hirigune Elkargoa)

Ostegunean Baionako Technociten aurkeztu zuten egoera ekonomikoari buruzko txostenak datu esanguratsu hau jasotzen du: 2021. urtean azken hamarkadako langabezia tasarik apalena izan zuen Ipar Euskal Herriak: %6,2koa. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, berriz, tasa hori lortzea dute helburu “2040rako Euskadiko Ongizaterako Lehiakortasuna: ekintzarako gogoeta” prozesuan dabiltzan erakundeek.

Dagoeneko joan den otsailean Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) aurkeztu zuen txostenean lan- baliabideen hazkundea jaso zuen 2021ko hirugarren hiruhilekoari erreparatuta.

Hain zuzen, enplegua pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko bidean zela ohartarazita ere, langabezia tasa %7an kokatu zuten adituek. Alta, frantziar Estatistika Institutuak (Insee) emandako datuak baliatuz, iazkoa azken hamarkadan jasotako langabezia tasarik baxuena izan zela nabarmendu zuen, txosten berria eskuan, Sylvie Durruty Euskal Elkargoko Ekonomia arloko presidenteordeak. Era berean, lan bila ari ziren herritarren kopurua %10,9 jaitsi zela irakur daiteke Durrutyk Frantziako Bankuak Baionan duen ordezkari Catherine Errecarten laguntzarekin aletu zuen txostenean.

2021ean Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin jarduera ekonomikoa dinamikoa izan zela adierazi zuen Elkargoko ordezkariak, Akitania Berria makroeskualdea aintzat hartuta bertan diren enpresetako %7,6 Ipar Euskal Herrian kokatzen direla zehaztuta.

Enpresen balio erantsiak

8,3 puntu gora egin zuen iaz merkataritza eta eraikuntza arloetan pandemia osteko susperraldiari esker. Industriak jarraitzen du Ipar Euskal Herriko ekonomiaren motorra izaten. Hala, sektoreak lurraldeko eragile ekonomikoek sorturiko balio erantsiaren %16,9 bermatu zuen. Aurreneko urtearekin alderatuta, bestalde, industriaren eta merkataritzaren esportazio tasek bi puntu egin zuten gora.

Hortaz, egungo testuinguruak sortzen dituen zalantzak alboratu gabe -energiaren prezioak eta inflazioa dira kezka iturri- ehun ekonomikoa sendoa dela eta eragile ekonomikoek erresilientzia-maila ona dutela jarri zuten mahai gainean txostengileek. Esaterako, Akitania Berria eskualdearekin alderatuta, iazko urtean hiru euskal lurraldeetan enpresa gutxiago itxi zirela oroitarazi zuten.