Maribel LOPEZ DE LUZURIAGA eta Jose Manuel MARTINEZ
Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformako kideak
GAURKOA

Hezkuntza lege-aurreproiektua: berdintasunaren bidegabekeria

Ez dago bidegabekeria handiagorik desberdina dena, bestelakoa dena, berdin kontsideratzea baino, eta, egia bada bakoitzari eman behar zaiola bere beharren arabera, ezin dira berdintasun-baldintzetan tratatu gure eskola-sistema osatzen duten ikastetxeak, ikasleak eta hezkuntza-sareak (publikoa eta pribatua), beren abiapuntua, egoera soziala, ematen duten zerbitzu mota eta dituzten beharrak zeharo desberdinak direlako. Eta, hala ere, horixe da Hezkuntza Lege berriak egin nahi duena, berriki aurkeztutako aurreproiektuaren bidez ezagutu dugunez.

Hutsetik abiatuko bagina bezala, ikastetxeen titulartasuna (publikoak eta pribatuak), hau da, jabetza, erabakigarria ez balitz bezala, interesak eta helburuak berdinak balira bezala, aurreproiektuak sare publikoa eta sare pribatua parekatu nahi ditu finantza- eta baliabide-tratamenduari dagokionez. Aitzakia: bi sareek zerbitzu publikoa eskaintzen dutela (?). Medikuntza arloan pentsaezina dena (Osakidetza versus aseguru pribatuak) irakaskuntzan posible egin nahi da “Hezkuntzaren Euskal Zerbitzu Publikoa” izeneko kontzeptu lauso berri bat sortuz. «Zerbitzu hori ikastetxe publiko eta pribatu itunduen bidez emango da» (posible al da ikastetxe pribatuak zerbitzu publikoaren parte izatea?). Hartara, dauden desberdintasunak alde batera utzita, eta arlo pribatua publikoarekin berdinduta, pribatuak %100ean finantzatu nahi dira baldintza baten truke: doakotasuna -baldintza hori 1985etik eskatzen die legeak (LODE) eta ez dute inoiz bete-. Horrela, sare-sistema eta eskola-segregazioa gainditu nahi direla esaten da, baina hori, jakina, ez da gertatuko.

Baina bi hezkuntza-sareak ez dira berdinak; aitzitik, oso desberdinak dira ematen duten zerbitzuan, hartzen dituzten ikasleetan, egiten duten funtzio sozialean eta bilatzen duten helburuan. Eskola pribatu-itunduak merkatuko arauen arabera jokatzen du beste ikastetxe batzuekin etengabe lehiatuz ikasle gehiago erakartzeko, ordu eta zerbitzu gehiago eskaintzen saiatuz, aukeratutako ikasleak erlijioz doktrinatuz (hezkuntza-sistemaren %30), legeak ezarriko dituen helburu akademikoak (euskararen ezagutzari dagokionez) beteko ez dituzten A eta B hizkuntza-ereduak emanez, irakasleak kontratatuz deialdi publikorik egin gabe, kuotak kobratuz eta abar. Eskola publikoak, aldiz, bere atea jotzen duen guztia hartzen du, integrazioa lortzen du, gizarte-kohesioa eta bizikidetza sortu, auzo-bizitza egin, desberdintasunak konpentsatu egiten ditu, inklusiboa eta unibertsala da, jasangarriagoa, irakasleak gardentasunez eta prozedura publikoen bidez kontratatzen ditu, eta, gainera, gehien euskalduntzen duen sarea da. Doakoa da, denona eta denontzat.

Hau dena kontuan hartu gabe, bi sareak berdinak, osagarriak eta beharrezkoak direlako proposamena egiten du aurreproiektuak, eta, itunpeko irakaskuntzari (hezkuntza-sistemaren eskola-segregazioaren jatorria eta arrazoia) mugak jarri beharrean, eta sare publikoaren hazkunde progresiboaren aldeko apustua egin beharrean (hegemonikoa bihurtu arte), berdintasunezko sarearen, hezkuntzako zerbitzu publiko bakarraren, gehien behar duen sarearen azpiegiturak hobetzen inbertitu beharrean eta plantilla handitu eta baliabideak eman beharrean, hori guztia egin beharrean, baliokidetzat hartuko ditu eta handitu egingo du irakaskuntza pribatuaren finantziazioa.

Baina hezkuntzarako eskubidea ezin da ekimen pribatuaren menpe utzi. Esperientziak egunero erakusten du sare pribatuak ez duela inoiz araudia betetzen, eta ez diela inoiz uko egingo bere interes propioei, ekonomikoak, ideologikoak edo bestelakoak izan. Aurreproiektu honek doakotasunari eta ikasleen diskriminazio ezari buruz proposatzen dituen aipamenak gaur egun indarrean dagoen legedian jasota daude, modu zehatzagoan eta asertiboagoan. Egoera berdinetan arazo berberetarako neurri berak aplikatzeak emaitza desberdinak ekarriko dituela esatea ez da inozokerian jaustea, gezurra esatea baizik.

Ez dugu hezkuntza-lege berririk behar, denak orain arte bezala jarrai dezan (edo are larriagotu dadin), ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsu batean oinarritutako (familien zati batek baino ezin du hori gauzatu) egungo hezkuntza-sistema duala eta eskola-segregazioaren sortzailea sendotzeko, ikasleak hautatzen jarraituko duen irakaskuntza pribatuaren finantziazioa blindatzeko, bizikidetza eragozten duten ghettoak sortzeko, egoera diskriminatzaile, desorekatu eta bidegabe bat betikotzeko, eskola publikoari izaera asistentziala emanez. Ezberdinak direnak berdinak balira bezala tratatzeak desberdintasun gehiago, eskola-segregazio handiagoa eta gizarte-bazterketa baino ezin ditu ekarri. Badirudi lege berri honek sortu nahi duela, hezkuntza arloan, zerbitzu publikoak eraisten jarraitzeko eszenatokia, oraingoan, eskola publikoarena.