GARA
DONOSTIA
KRIMEN MATXISTA

Soraluzetar emakume bat hil du bere senarrak Benidormen

Sortzez Soraluzekoa zen 68 urteko emakume bat hil du senarrak Benidormen, bertako Gobernu Ordezkaritzak atzo iluntzean baieztatu zuenez. Gizonak auto-istripua izan zuen gero; Poliziaren ikerketaren arabera, ihesi zihoalako edo bere buruaz beste egiteko asmoa zeukalako. Kamioi baten kontra jo zuen autoak.

Gizonaren autoa, Vila Joiosan istripua izan eta gero.
Gizonaren autoa, Vila Joiosan istripua izan eta gero. (ALACANTEKO SUHILTZAILEAK | ALACANTEKO SUHILTZAILEAK)

Atzo iluntzean Valentziako Gobernu Ordezkaritzak baieztatu zuenaren arabera, 73 urteko senarrak bere emaztea -M.L.L., sortzez soraluzetarra zen 68 urteko emakumea- hil zuen asteburuan Benidormen (Alacant, Herrialde Katalanak). Gizona auto-istripu batean hil zela jakinaraztera agertu ziren emakumearen etxera poliziakideak, eta bertan lurrean topatu zuten, hilik.

Plaentxia.eus agerkariak atzo konfirmatu zuenez, soraluzetarra zen andrazkoa, baina urteak zeramatzan Soraluzetik kanpo bizitzen. Elgoibarren eta Zarautzen ere bizi izandakoa zen. Senarra, aldiz, Gasteiztarra zen.

Igandean jazo zen gertakaria. 22.10 inguruan, gizon batek gidatutako auto batek kontrako erreia hartu eta garabi-kamioi batekin talka egin zuen, N-332 errepideko 140. kilometroan, Alacanteko Vila Joiosa udalerrian.

Polizia espainoleko agenteak errepidean hil zen gizonaren etxera joan ziren, bikotekideari trafiko-istripuaren berri ematera. Etxebizitzako atea irekita zegoen eta emakumea topatu zuten lurrean, hilik, bularrean bi sastakada zituela.

Hipotesia: krimen matxista

Benidormeko Polizia espainiarra egiten ari den ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera, gizonak emakumea hil zuen, eta, ondoren, autoa hartu zuen ihes egiteko edo bere buruaz beste egiteko asmoarekin. Kamioi-gidariak antsietate-krisia izan zuen eta istripuaren ondotik inguruko ospitale batean artatu behar izan zuten.

Bikoteak bost urte baino gehiago zeramatzan Benidormeko Alcalde Catalan Chana kaleko etxe batean bizitzen. Poliziaren iturrien arabera, ez zegoen aldez aurreko tratu txarren salaketarik.

Aurtengo hirugarrena

Benidormekoa krimen matxista izan zela baieztatuko balitz, aurtengo hirugarrena izango litzateke Euskal Herrian. Urte hasieran gertatu zen lehenengoa, Tuteran. Poliziak gizonezko bat atxilotu zuen, bere emaztea, Sara Pina (38 urte), hil izana leporatuta. Ihesi zebilen gizona, eskuko telefonoa etxean utzita Bordeletik 65 kilometrora atzeman baitzuen Poliziak.

Barakaldon gertatu zen bigarrena, ekainean. Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilo eraman zuen, bere ama hil izana leporatuta. Gurutzetako ospitalean zendu zen emakumea eta indarkeria zantzuak atzeman zizkioten bertako osasun-langileek.