Asier AIESTARAN
PILOTA

Amaiera ederra Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren udari

Bi nafarrek merezita irabazi dute Caixabank Masters-eko finala, bat atzean nagusituta eta besteak aurrean errematatuz. Giro aparta Nafarroa Arenan.

Ezkurdia eta Mariezkurrena, txapela jantzita, Nafarroa Arenako sari banaketan.
Ezkurdia eta Mariezkurrena, txapela jantzita, Nafarroa Arenako sari banaketan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ezkurdiak eta Mariezkurrenak amaiera ezin hobea eman diote aurten egin duten uda bikainari, Caixabank Masterseko finalean Jokin Altuna eta Ander Imaz 22-15 menderatuta. Ez zen bete-beteko finala izan, baina Nafarroa Arenan giro paregabearekin itxi zen atzo udako torneoen atala.

Atzo ere Jon Mariezkurrena izan zen une askotan partidaren nondik norakoa erabaki zuena. Berriozarreko atzelariak sekulako pilotakadak jo zituen -zortzi tanto egin zituen guztira atzean-, baina beste batzuetan baino pilota gehiago galduz (6).

Aurrean, errespetu handia nabaritu zen Ezkurdia eta Altunaren artean. Arbizuarrak bazekien abantaila atzean ateratzea errazagoa zela, eta amezketarrak, oso behartuta, ez zuen gehiegi asmatu. Neurketa asko gogortu zen, eta azkenean Joseba Ezkurdiaren inspirazioak apurtu zuen finala. Horregatik eman zioten, seguru asko, pilotari onenaren saria arbizuarrari.

PILOTA BIZIA HASIERAN

Finaleko lehen tantoak ez ziren oso ikusgarriak izan, baina apur bat berotutakoan, Mariezkurrena izan zen markagailuan lehen zuloa ireki zuena. Gorriek pilota bizi bat atera zuten eta atzelari nafarrak sekulako triskantza egin zuen atzean: hiru tanto sartu zituen segidan, errebotera bi pilota bidaliz. Nafarrak 8-4 aurreratu ziren eta neurketa apurtzeko arriskua ere ikusten zen.

Ez zen hala gertatu, ordea. Pilotak gastatu ahala eta nekearen poderioz neurketa oso fisikoa bilakatu zen eta abantailak beti gorriak izan ziren arren, azken unera arte ez zuten dema erabaki gorriek, Mariezkurrenaren joari eta Ezkurdiaren inspirazioari esker.