Asier ROBLES
GALDAKAO

Usansoloren desanexioa Batzar Nagusietan bozkatuko da

Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakunde Batzordeak Usansolo Galdakaotik desanexionatzeko espedientea onartu du, eta hurrengo osoko bilkuran bozkatuko da. PSEk kontrako botoa eman du, espainiar Estatuko legedia urratzen duela argudiatuta.

Usansoloko herritarrek desanexioaren alde joan den astean egindako ekitaldia.
Usansoloko herritarrek desanexioaren alde joan den astean egindako ekitaldia. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzorde Instituzionalak atzo onartu zuen Usansolo Galdakaotik desanexionatzeko espedientea, eta Bizkaiko Foru Parlamentuaren hurrengo osoko bilkuran bozkatuko da.

Usansoloko herritarrek udal bihurtzeko eskaria 1980ko hamarkadan abiatu zuten. Orain arte hiru bozketa egin dituzte, azkena aurtengo martxoan, eta bereiztearen aldeko emaitza izan da. Dena den, herriaren borondatea ez da nahikoa. Are gehiago, kontsultak lotesleak ez direnez, ez dira beharrezkoak udalerri berri bat sortzeko.

Alde batetik, legeak eskatzen du sortzen diren udalerriak «finantzarioki jasangarriak izatea, udal eskumenak betetzeko baliabide nahikoak izatea, eta ematen diren zerbitzu publikoen kalitate murriztea ez ekartzea». Kasu honetan eskakizun hauek betetzen dira, Galdakaoko Udalak egindako memoriaren arabera, eta indar politiko guztiek onartu duten bezala.

Baina legeriak jarri du Usansoloren desanexiorako azken oztopoa. Bizkaiko foru-arauak dioenez, «bai bereizitako udalerri berriak, bai jatorrizkoak, gutxienez 2.500 biztanle izan beharko dituzte zuzenbidean», baina espainiar legeriak gutxieneko hori 5.000 biztanletan jartzen du. Usansolok 4.520 inguru izango lituzke.

Eztabaida juridiko batean, desanexioaren aldekoek diote ezin dela Bizkaiko foru-araua aplikatu gabe utzi, eta udal-mugapeak finkatzea lurralde historikoen eskumen esklusiboa dela, Autonomia Estatutuaren 10.1 artikuluak jasotzen duen bezala.

Era horretan mintzatu ziren atzo EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko batzarkideak, «Usansoloko herritarren hitza betetzeko eta errespetatzeko garaia» dela esanez.

Hala ere, PSEko batzarkide Juan Oterminek espainiar legeriari eutsi zion, eta desanexio prozedurarekin jarraitzearen aurkako botoa eman zuen. Modu berean, gogorarazi zuen Auzitegi Gorenak 2022an baliogabetu egin zuela Itsaso-Ezkioren desanexioa, 5.000 biztanle baino gutxiago zituelako.

EAJk babestu egin zuen desanexio espedientea izapidetzen jarraitzea, baina ez zuen iritzirik eman nahi izan «gai juridikoei» buruz, eta horretan hurrengo osoko bilkuran hitz egingo duela esan zuen.

PP abstenitu egin zen, baina adierazi zuen 500 biztanle faltatzea «ez dela nahikoa arrazoi» Usansoloko udala ez eratzeko, txosten ekonomikoek «erabat bideragarria dela egiaztatzen dutenean».