Zaintzaren garrantzia, protagonista BIME-N
Hamargarren edizioa beteko du aurten BIME musikaren nazioarteko kongresuak. Generoa, jasangarritasuna eta zaintza izan ziren lehenbiziko eguneko hitzaldien artean nabarmentzeko hiru gai BIME PRO profesionalei zuzendutako egitarauan. Parte hartu zutenen artean hizlari izan ziren Olatz Salvador eta Aitziber Atorrasagasti.

Nazioartean musikaren industriako ertzak bateratzeko eta sinergiak sortzeko espazioa izaten da BIME musika kongresua. Bilboko Euskalduna Jauregian atzotik eta etzi arte izango da aurtengoa. Lehen unetik mahai inguru interesgarriak izan dira protagonista, nahiz eta euskararen presentzia minimoa izan den. Goizeko 10.00etan abiatu zen aurrenekoa, “Osasun mentala: musika industriaren pandemia osteko erronkak” izenaren azpian aritu dira hiru emakume, Iker Barbara Zarata “Mondo Sonoro”-ko zuzendariaren gidaritzapean.
Hitza hartzen lehena Rosana Corbacho musikan espezializatutako psikologo klinikoa izan zen. Corbachoren ustez, «huts egiten duenean soilik hitz egiten da osasun mentalaz. Alde biologikoa eta psikologikoa desberdindu behar dira. Zerbaitekin duzun lotura, munduaren pertzepzioa, pertsonen arteko harremanak… guztiak eragiten du. Ongizatea dugula sentitzen denean esan daiteke osasun mentala ongi dagoela. Baina, huts egiten duenean ere, erremintak izan behar dira non huts egiten den jakiteko».
Maite Aleñak jarraitu zuen segidan, «esperientzia pertsonaletik» aritzeko. MAZ Basauri edota Rockein bezalako ekitaldiak antolatzen ditu Aleñak eta gogor hasi zuen bere hitzartzea: «Ekitaldiak antolatzen aritu naiz urte askoan erotu gabe edo politoxikomano bihurtu gabe, eta hor autoestimuak du zerikusi handia. Une honetan besoan ‘buztina’ hitza dut handian idatzita, umeak hori behar duela esan didalako; eta itzulerakoan eramaten ez badut, gehiago ez didala hitzik egingo mehatxua ere jaurti dit. Hori da benetako presioa, eta ez jaialdi bat antolatzea».
Autoestimuaren haritik tiraka segi zuen Olatz Salvador musikari eta psikologoak: «10 urtetik gora daramatzat mundu honetan eta egoek sekulako garrantzia dutela ikusten dut. Autoestimua garrantzitsua da; batetik, industria ezegonkorra delako eta, bestetik, jendearen aurrean zaudelako etengabe. Hala ere, kontuz ibili behar da, oholtzan zaudela ehunka edo milaka lagunek gurtzen zaituztenean zure tokitik kanpora eramaten zaituztelako, eta hor jaustea arriskutsua da. Drogak ere aipatu dira, baina kontsumoaren zergatiaren jatorria non dagoen jakitea da inportantea».
Rosana Corbachok «drogen erabilera defentsarako mekanismo moduan» ulertu behar dela askotan aipatu du, eta horri prekaritatearen kontua gehitu dio Aleñak: «Jardunaldiak luzeak direnean, gutxi kobratuz eta abar, ‘mileurista’ eta euskalduna bazara, speeda (anfetamina) hartzen bukatzeko arriskua duzu. Gero, gainera, espazio hauetan batzuk dibertitzen ari dira eta beste batzuk lanean, eta horrek nahasmena dakar. Musika industriako langilea ez dago bulegoan bakartuta lanean, dibertitzen daudenekin dago eta dena du eskura».
ARRISKUA
Rosana Corbachok beste gai bat ere jarri zuen mahai gainean, lanbidea eta bizitza pertsonala bat bihurtzearen kontua. «Lanbidea musikariarekin berarekin fusionatu egiten da batzuetan, eta hori arriskutsua da. Gauzak ondo doazenean, erraz eramaten den zerbait delako, baina arrakastan gainbeheraren bat izaten bada, arazo horiek gainerako zainketa albo batera uztea ekartzen dute, eta gehiegikeriatan erortzeko arriskua dakar».
Horrekin lotuta, Olatz Salvadorrek bira baten osteko beheraldiko emozioen kudeaketaz ere hitz egin zuen. «Askotan ezin duzu atsedenik hartu, lanak zurrunbilo horretara bultzatzen zaituelako. Goian zaudela zoaz etxera, ezin lorik hartu adrenalina goian duzulako, eta abar. Hori bukatzen denean, ordea, dena behean dago, eta identifikatzen jakin behar da une hori hondoa ez jotzeko», azaldu zuen donostiarrak.
Talde dinamika onak sustatzearen garrantziaz ere mintzatu zen Corbacho: «Talde kudeaketaren adibideari buruz, hor dago Metallicaren dokumentala. Talde batean aukerak sortzean beti baietz esaten dute hasi berriak direnek, eta arrakasta izatean mugak jarriko dituela uste dute, baina hori ez da sekula pasatzen. Trauma txikiak sortzen dira bidean eta askotan barruan gorde eta denbora luzez eramaten dira, eztanda egin arte. Hortaz, familia terapia modukoak egin behar dira berarekin. Teknikak eta erremintak hartzen dituztenean, oso polita izaten da aldaketa».
Bizipenek duten garrantziaz eta diruaren balioa ezbaian jarriz bukatu zuten guztiek solasaldia. Salvadorrek, denbora bukatu zitzaiela iragartzen zieten bitartean, autogestioan izandako bizipenen gogoeta egin zuen: «Askotan diruari begiratzen zaio, baina gero ez zara gogoratzen halako tokitan zein zen ordaindutako katxea. Bai, ordea, zeinen ondo pasa zenuen, ongi tratatu zintuztelako edo afaldutako tokia ona zelako».
Espazio seguruen bila
Areto berean “Gaua nahi dut: sexismorik gabeko espazio musikalak” deituriko hitzaldia gidatu zuen Carmen Zapata Musika Industriako Emakumeen elkarteko zuzendariak. Protokoloak lantzera zerk bultzatu dituen galdetu zien Ainara Gonzalez Primavera Soundeko ordezkariari, Cristiana do Vale ikerlariari, Candela Molina ‘Orfigyal’ DJari eta Aitziber Atorrasagasti Lakuako Kultura Sustapenerako arduradunari.
Ainara Gonzalezek Bartzelonako Udalak martxan jarritako “No Callem” protokoloaren inguruan hitz egin zuen. «Instituzioekin kohesioa ezinbestekoa da, udaletan gauza batzuk egin direlako baina handik gora ezertxo ere ez, ez modu orokorrean eta ezta espezifikoan ere. Kulturak benetan behar duen babesik ez duela agerian geratzen da hor. 2017an Bartzelonako Udalak protokoloa martxan jarri zuen eta Primavera Soundek, ekitaldi eraldatzaile moduan, protokoloa hartu eta 2018an txertatu zuen jaialdira. Geroago, ‘Nobody is normal‘ protokoloa sortu genuen, dauden egoera ikusezin asko agerian utziz eta azpiegituren premia azaleratuz».
Candela Molinak DJ eta psikologo moduan hitz egin zuen, eta Sexu Askatasunaren Legea ondo aztertzeko gomendatu zuen lehendabizi: «Gaur egungo legeek ez dute nahikoa babesten eta lege berriak, esaterako, sumisio kimikoari buruz ez dio ezer, ezta gaueko aisialdiari buruz ere. Aretoetako langileek gutxieneko formazio bat behar lukete, baina legerik ez dago hori bermatzeko. Aretoetan ez dakite noiz dagoen bat mozkortuta, edo sumisio kimikoan, edota eraso baten aurrean segurtasuneko langileek justu kontrakoa transmititzen dute… Komunikazio falta handia dago areto, promotore, artista eta publikoaren artean, eta hori errotik aldatu behar da».
Aitziber Atorrasagastik hitzaldia hasi zuen aipatuz Gasteizko Gobernutik «inbidiaz» begiratzen diola Kataluniako egoerari. Baina errelatoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Errelatoa sortzea ere garrantzitsua da eta maiz ez gara hortaz konturatzen. Gizarte bezala, hor badugu ardura eta hor ahaldundu behar dugu. Guk festibal guztietara zabalduko zen protokolo bat osatu nahi genuen. Meloi bat irekitzea izan zen, eraso asko daudelako, botere harremanak sortzen dituenak barne, batez ere emakumeei begira. Datozen hilabeteetan sektoreko langileekin lanean hasiko gara eta hiru lan talde egongo dira: festibal handiak, ertainak eta sare sozialak. Bi urteko trantsizioa izango dugu protokoloak egiten laguntzeko, eta hirugarrenean derrigorrezkoa izango da halakoetan protokolo bat izatea, sexismorik egon ez dadin. Kanpainak egingo ditugu, baina zerbait transbertsala izan behar duela sinesten dugu».
Langileentzat protokolo horiek nola aplikatu daitezkeen galdetuta, Kataluniako Generalitateak ‘No callem’ protokoloa aurrera eramateko 10.000 langileren formazioa egingo duela aipatu zuten, eta batzen diren areto berriek ere jasoko dutela formazioa. «Hori bai, formazioa 4 ordukoa da, eta ez da nahikoa. Ea honek ur-jauzi efektua sortzen duen eta sentsibilizazioa eta formazioa esparru gehiagotara zabaltzen den», gaineratu zuen Ainara Gonzalezek.
Euskal Herrian horren inguruan lanketa handia egin dute talde feministek herriz herri, eta «haiek egin dutena herrietan baliagarria» izango zaiela esan zuen Aitziber Atorrasgasti Lakuako ordezkariak.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
