GARA
DONOSTIA

Minbiziaren aurkako terapia berritzailea aplikatzen hasi da Osakidetza

Osakidetza minbiziaren aurkako terapia aitzindari bat aplikatzen hasi da Donostia Ospitalean, CAR-T izenekoa. Zelulak prozesatzeko instalazioak modernizatu behar izan dituzte, azpiegiturak egokituz eta bi gela berri sortuz. Osakidetzak bi batzorde berri sortu ditu: Kliniko-patologikoa eta CAR-Terako Diziplina Anitzeko Unitatea.

CAR-Tak prestatzen diren Clinic Ospitaleko Gela Zuria.
CAR-Tak prestatzen diren Clinic Ospitaleko Gela Zuria. (Francisco AVIA | EUROPA PRESS)

Osakidetzak jakinarazi duenez, minbiziaren aurkako terapia berritzaile bat aplikatzen hasi da, CAR-T izenekoa. Dioenez, erapia hau «mugarri» bat da medikuntza modernoan, eta EAEko Osasun Zerbitzuan «bikaintasun- eta kalitate-indizeak mantentzeko urratsak egiten jarraitzea dakar». Donostia Ospitalean ezarri da zerbitzua, ez Onkologikoan.

Azaldu duenez, CAR tratamenduak zelula immunitario batzuen aldaketa genetikoan oinarritutako terapia zelularrak dira. Tratamendua honetan datza: «Pazientearen odola lortzea zelula horiek laborategian aldatzeko, eta, ondoren, berriro sartzea, minbizi-zelulak aurkitu eta suntsitu ahal izan ditzaten».

«Gene-terapia zelularra» edo «medikuntza pertsonalizatua» ere esaten diote, prozesu konplexua baita, eta banakako lanketa eta arreta eskatzen baititu.

Ander Izeta Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuko Ehun-ingeniaritzako arduradunak azaldu zuenez, Donostia Unibertsitate Ospitalearen kasuan protokoloak egokitzea ez da zaila izan, «urte asko baitaramatza hematopoietikoen transplante alogenikoa egiten».

Hala ere, Izetak azaldu zuenez, hori egiteak «dokumentazioan eta erregistroetan ahalegin handia egitea ekarri du, are gehiago covid-19aren pandemiaren garaian».

Bestalde, Donostiako Ospitalean zelulak prozesatzeko instalazioak modernizatu egin behar izan dituzte, azpiegiturak egokituz eta bi gela «zuri» abian jarriz: bata transplanterako eta bestea terapia aurreratuetarako, CAR-Tak barne, baina baita beste terapia batzuetarako ere.

Orain arte, hamalau zentro berri sartu dira Estatu mailako terapia aurreratuen sarean, eta horien artean dago Osakidetzako Donostia Unibertsitate Ospitalea.

Bertako Hematologia Zerbitzuko buru Carlos Panizok azaldu zuenez, sare hori zabaltzea «oso garrantzitsua da paziente eta senideentzat»; izan ere, «saihestu egiten du pazienteak beste hiri batzuetara bideratu behar izatea eta haien ingurune hurbilenetik bereizi behar izatea».

Bi batzorde berri

Osakidetzak adierazi duenez, CAR-T terapia eskaintzearen funtsezko zati bat «arlo desberdinetako taldeak izatea da, prozesuaren arintasuna bermatzeko». Ildo horretan, espezialisten bi batzorde eratu dira. Alde batetik, Batzorde Kliniko-patologikoa dago, tratamenduaren indikazioa baloratu eta onartzen duena.

Bestetik, CAR-T terapiarako Diziplina Anitzeko Unitatea arduratzen da tratamenduak aplikatzeko beharrezko protokoloak egiteaz eta konplikazioei erantzuteaz. Zerbitzu hauek ditu: Hematologia, Farmazia, helduen eta pediatriako ZIUa, Hematoonkologia pediatrikoa, Neurologia eta Immunologia.

«Talde horiek dinamikoak izan beharko dute osaeran, terapia aurreratuen arloa erabateko garapenean dagoen ezagutza-eremua baita», adierazi du Osakidetzak.

Egin dituzten aurreikuspenen arabera, Osakidetzan, datorren urtetik aurrera, terapia hori aplikatu beharreko pazienteen kopurua hilean bitik laura igoko da.

Gaur egun, CAR-T terapiaren jarraibideak Espainiako Osasun Sistemak onartutakoak badira ere, eta zelula handiko linfoma lausoetan eta leuzemia linfoblastikoan oinarritzen badira ere, profesionalek indikazioak handituko direla aurreikusten dute.