Iraitz MATEO
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

MENDILUZE garaile landakon, LEHEN itzulia itxiz

Bi mila bertsozale batu zituen Durangoko Landako guneak finalaurreetako lehen itzuliko azken saioan. Aitor Mendiluze izan zen saioko lehena 726,5 punturekin, eta bigarren Beñat Gaztelumendik egin zuen 716,5 puntu bilduta. Saio oparoa osatu zuen seikoteak, eta horren emaitza finalaurrekoetako bigarren itzulira Durangon kantatutako sei bertsolariak pasatzea izan zen.

Bertsolariak oholtzan, Landako gunean egindako finalaurrekoan.
Bertsolariak oholtzan, Landako gunean egindako finalaurrekoan. (Jon URBE | FOKU)

Finalaurrekoen lehen itzulia Durangon amaitu zen atzo. Aitor Mendiluze izan zen garailea 726,5 punturekin; eta ondorioz zuzenean lortu zuen bigarren itzulian Bilbon kantatzeko txartela. Bi mila bertsozale batu ziren Landako gunean, eta behetik gorako saioa osatu zuen seikoteak. Irabazleaz gain, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Aitor Bizkarra, Saioa Alkaiza eta Eñaut Martikorena izan ziren kantuan sailkapenaren hurrenkeran.

Ohiko legez, zortziko nagusian eman zioten hasiera saioari. Mendiluzek Bizkarrarekin osatutako ariketa izan zen osoena. Adin txikikoekin lan egiten duten gizarte langileak ziren; 18 urterekin kale gorrian geratzeko duten arriskuaz mintzo ziren. «...Nonbait arazo bihurtzen dira sartu beraz mantapera/ ta nahi edo ez tapaki horren hariak baino ez gera», bota zuen Mendiluzek.

Zortziko txikiko bertsoaldiak bixi joan ziren; Soto eta Mendiluzeren lanak entzuleen algarak atera zituen. Bikote baten paperean jarri zituen gai jartzaileak, Sotoren urtebetetzea zela eta erretzeari uzteko partxeak oparitu zizkion Mendiluzek. «Non atera zenuen nobio karneta?/ utziarazi asmoz neri zigarreta/ partxe batzuei jarri diezu arreta/ ez dakit baino nago pixka bat erreta». Bikote harremanaren krisiez aritu ziren, eta Mendiluzek azaldu zuen zergatia: «...Aspaldion musua da juxtu-juxtua/ Julio ez zait gustatzen hautsontzi gustua».

Aktualitateko gai bat egokitu zitzaien seiko motzean Sotori eta Alkaizari. Surflariak ziren, Soto lapurtarra eta Alkaiza bizkaitarra, Alkaizak Sotori jakinarazi zion Euskal Selekzioak hautatu duela. Sotok abiatu zuen ariketa: «...Ta selekzio euskaldun batek zaitzakela hauta/ suertea daukazu, aupa/ ni re ez nengoke aurka/ Euskal Herriko urak ordea bi emari dauzka». Alkaizak pozik zegoela, bai, baina lagunari bere lekuan balego zer egingo zukeen galdetu zion, zintzo. Itxaropentsu amaitu zuen bertsoaldia: «Surf, pilota edo puenting/ modernoenentzat tuerking/ urak batuta elkartu al dira akaso sei erpin?/ beraz borrokari ekin/ aldarriz nabil zurekin/ tsunamiren bat surfeatuko dugu elkarrekin».

Gaztelumendik eta Mendiluzek seiko motzean osatutako ariketa ere azpimarratzekoa izan zen. Aspaldiko lagunak ziren biak, aspaldi elkartzen ez zirela, eta Gaztelumendik astero hitzordua jartzeko proposatu zion Mendiluzeri. Ea emandako hitza beteko zuen galdetuz ireki zuen bidea Mendiluzek, eta Gaztelumendik dotore asko erantzun zion: «Horixe da gizakia/ lotu behar den zapia/ zu lasai egon beteko baitut/ nik nire zatia/ asteroko terapia/ kafearen aitzakia/ orain huts banak elkar dezala lehendik ebakia».

Hunkidura

«Lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean, lasaitua hartu duzu» izan zen ganbarako gaia. Ohikoa duen estiloz josi zituen Gaztelumendik hiru bertsoak, jada laurogei urte dituen agureak semearen aurrean botatako malkoen inguruan. Bigarren bertsoak biribildu zuen goitik behera ekarritako kontakizuna: «Etxean hori zen dena: lana, lana eta lana/ gauez ailegatzen nintzen zuek eta amagana/ fakturak ordaindu behar beti lepoan labana/ ta estu dagonak barruan biolentzia darama/ orain damutzen naiz horren gizon gogorra izana/ zuei erantsi izana bizkarrean neukan zama/ hara zure eskutara seme malko putzu bana/ hau da bizitza osoan gordean izan dudana».

Martikorenak beste ariketak bezain azkar kantatu zuen ganbarako lana ere. Bakarkakoan entzulea hunkitu zuen, amona hil zitzaionaren papetik kantatu zuen. Bizkarrak bikote harreman baten ibilbidea deskribatu zuen, hasi zirenetik bikoteak amaitzea erabaki zuen egunera arte zenbait momentu ia ukigarri bihurtuz. Bigarren bertsoan ikusi zen hori: «… Azkenik hori izango zen ba maitemintzea elkarrez/ baina sua zoritxarrez/ gaur hor dago ta bihar ez/ geure artekoa zeuk eten zendun ostiral ilunabarrez/ ta ni kanpotik gizon plantetik baina barrutik negarrez».