GARA
DONOSTIA

Edorta Lamok Michelin izarra piztu du Kanpezuko Arrea!-n

Edorta Lamo, Toledon, saria jaso zuen unean.
Edorta Lamo, Toledon, saria jaso zuen unean. (GARA)

Edorta Lamo sukaldari arabarrak bere lehenengo Michelin saria eskuratu du. Sukaldaritza lokala, tokian tokikoa eta ohiturak eta kultura errespetatu eta egunean mantentzea helburu ditu Arrea! proiektuak.

Pandemiaren ondorioz, urte luzez Donostiako Parte Zaharrean abiatutako A Fuego Negro sukaldaritza proiektua ixtera behartuta ikusi zuen bere burua Edorta Lamok. Izurriaren ondorioak erraietan bizi izan zituen sukaldariak. Baina errautsetatik berrabiarazten asmatu du eta azken denboran Kanpezun sortutako Arrea! egitasmoak indar handiz egin du aurrera.

Bart gauean jaso zuen sukaldarien errekonozimendu gorenena -bezeroek ematen duten oniritziaz apartekoa-. Bere lehenengo Michelin saria jaso du Toledon egindako galan. «Nire aitona-amonei eskaintzen diet!», adierazi du sukaldariak saria jaso duen unean.

Arrea!-k izaera propioa du. Tokian tokiko elikagaiekin osatzen du bere menua eta horrek berezko izaera ematen dio jatetxeari. Ohiturak eta kultura errespetatu eta egunean mantentzearen aldeko apustua egin zuen Lamok, eta orain bultzada garrantzitsua jaso du. Izarren artean bada Arrea!-ren izena daraman bat.

Lamok, Michelin izarraz gain, Michelin Izar Berdea ere jaso du, sukaldaritza jasangarriari eskainia. Izan ere, euskal sukaldari honek ehiza oinarri duen sukaldaritza sustatzen du, besteak beste. «Tradizioagatik egiten dut, gure aurreko belaunaldiek ez baitzuten landatzeko hektarea handirik, ezta abererik ere. Mendira joaten ziren jatekoaren bila. Beraiek dagoeneko zaintzen zuten natura eta bazuten ardura ekologikoa!».

Juan Carlos Caro gidari duen Donostiako Zelai-Txiki jatetxeak eta Jose Ignacio Jauregiren Maskarada-k (Lekunberri) ere eskuratu dute jasangarritasunaren Izar Berdea.

Beste datu batzuk

Martin Berasategik Eivissan duen Etxeko Ibiza jatetxeak ere, Paco Budia sukaldaria buru duenak, lehenengo izarra lortu du. Chef donostiarrak Mediterraneoko irlan duen lehen jatetxea da. Bitxikeria gisa, Vasco Coelho Santos sukaldari portugaldarrak -Arzak eta Mugaritz jatetxeetan abiatu zuen bere ibilbidea- Porton daukan Euskalduna Studi jatetxeak ere bere lehen izarra eskuratu du; munduko zapore desberdinak uztartzen ditu.