GARA
NAZIOMETROARI BURUZKO JARDUNALDIAK

Eta Euskal Herrian zer?

Begi bat Eskozian jarrita, Naziometroa euskal burujabetzaren barometroaren inguruko jardunaldia egin zuten atzo Bizkaia Aretoan. Euskal Herriko, Eskoziako eta Kataluniako inkesten garapena izan zuten aztergai, irakaspen desberdinen bila. Garrantzitsuena: gaiarekiko hautuak ez dira zurrunak, prozesu politikoak mugitzen ditu.

Gure Eskuko Josu Etxaburuk gidatutako mahainguru batek itxi zuen jardunaldia.
Gure Eskuko Josu Etxaburuk gidatutako mahainguru batek itxi zuen jardunaldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Eskoziako bigarren erreferendumari ateak itxi zizkion egun berean, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak Naziometroari buruzko jardunaldia egin zuen Bilbon. Euskal burujabetzaren barometroa da Naziometroa, eta dagoeneko lau edizio izan ditu. Emaitza horiek Eskozian eta Katalunian azken urteetan egin diren inkesten ispiluaren aurrean jarri ditu Asier Etxenike soziologoak.

Haren aurretik, Robin McAlpine kazetari eskoziarrak eta Nuria Franco-Guillen politologo katalanak euren herrietako inkesten garapena aztertu zuten, eta horren gainean hitzaldia egin zuen Etxenikek. Hiru lerroburutan laburbildu ahalko balitz, hauek lirateke: Eskozian eta Katalunian Estatu propio batek babes handiagoa dauka hemen baino, nabarmen; aldi berean, abiapuntua hobea da Euskal Herrian, beste bi herrietan prozesuak hasi baino lehenago zutena baino; azkenik, honek beste ondorio batera eramaten gaitu: hautuak mugitu egiten dira, prozesu politikoa hasi eta garatu ahala osatzen doaz gehiengo gero eta zabalagoak.

Pausoz pauso. Hasteko, zenbakiak. Eskoziako kasuan, Scottish Social Attitudes Survey-ren inkestek erakusten duten garapena txundigarria da. 2010ean %23ak baino ez zuen babesten independentzia; hamarkada bat geroago, %51 dira. Kontrara, eskumen propioekin Erresuma Batuan mantentzearen aldekoak %61etik %36ra pasatu dira. Erresuma Batuaren barruan eta eskumenik gabe geratu nahi dutenak %10etik %7ra igaro dira.

Katalunian, Centre d’Estudis d’Opinió-ren inkesten arabera, Estatu independientearen aldekoak %14,9 ziren 2006. urtean, eta egun %33,5 dira, 2012-2014 urteetan %40ren gainetik egon ostean. Hamarkada eta erdi honetan, aukera federalista -Estatu bat, Espainia federal baten barruan- %34,1etik %19,6ra jeitsi da; eta estatu quo autonomikoaren babesleak, %37,3tik %29,3ra.

Baldintzen arabera

Euskal Herrian, Naziometroek erakutsi dute, identitate independentistaz harago, Estatu propio baten inguruko hautuak ez direla zurrunak, eta aldatu egiten direla testuinguruaren arabera. Esate baterako, zuzenean galdetzen denean «Zein neurritan zaude ados Espainiatik edo Frantziatik independizatzearekin?», %44,7k erantzun zuen azken Soziometroan kontra zegoela, eta %22,4 bakarrik agertu zen alde.

Aldiz, instituzioen babesa duen erreferendum adostu baten testuinguruan, Euskal Estatuari buruz galdetzen denean, emaitzak oso bestelakoak dira. %37,5ek egin zuen orduan Euskal Estatuaren alde, eta %29,7k kontra. Emaitza horiek galdera garrantzitsu bat planteatzera daramate Etxenike: Subiranismoa da Euskal Herrian maldan behera doana, edo identitate «independentista» berezitu hori da?

Soziologoaren ondorioetako bat da, izan ere, identitate independentistek -lurralde eta nazio identitateek bezala- ez dutela subiranismoarekiko jarrera erabat determinatzen, lotuta dauden arren.

Are, Kataluniako eta Eskoziako adibideek erakusten dutena da, abiapuntuan dauden identitateak baino, prozesu politikoak egiten duela dekantazio lana, eta horretan berebiziko garrantzia daukatela, besteak beste, pilatutako injustizia sentimenduak, edo distortsioa sortu eta aldatu ezin diren erabakiek -Estatut berria Katalunian, edo Brexita Eskozian, adibidez-.

Euskal Herriari buruzko ondorioetan, eta testuinguruak Euskal Estatuari buruzko jarrera erabat baldintzatzen duela gogoan hartuta, jerarkia antzeko bat aurkeztu zuen Etxenikek bere jardunaren amaieran. Adibidez, politika sozialek, pentsioek, genero politikak eta politika ekologikoak hiritarren iritzia mugitzeko eragin handia izan dezaketeela aipatu zuen. Egoera ekonomikoak hobera ez egiteak, edo Europako Batasunetik kanpo geratzeko arriskuak, ordea, eragin gutxiago edukiko lukete.

Inkesten alderaketa honen ostean, eztabaidarako tartea izan zuten atzo Bilboko Bizkaia Aretoan. Gure Eskuko Josu Etxaburuk gidatuta, Xabier Barandiaran, Onintza Odriozola, Floren Aoiz, Estitxu Garai eta Txomin Poveda aritu ziren Etxenikek mahai gainean utzitako auziei buruz.