Amaia EREÑAGA
BILBO

Rocketik haratago joan da Gatibu «EHdistopikala» koktel beroarekin

Bi hamarkadetako ibilbidearen ostean, «EHdistopikala» lanarekin «beste urrats bat egitera» ausartu da Gatibu. Eta hauek dira koktel distopikoaren osagaiak: pop elektronikoa, funkya, erritmo karibetar eta afrikarrak... eta hitzek ematen dioten ukitu garratza.

Gaizka Salazar, Haimar Arejita eta Alex Sardui, atzo egindako aurkezpenean.
Gaizka Salazar, Haimar Arejita eta Alex Sardui, atzo egindako aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Gatibuk datorren urteko martxoaren 18an Bilboko Miribillan aurkeztuko du, zuzenean, bere lan berria: “EHdistopikala”. Musikari beterano hauek Miribillan bertan aurkeztu nahi izan zituzten, atzo, diskoa eta kontzertua, toki honek zerbait berezia duelako taldearentzat, alegia, «pandemiaren gainetik birsortzeko gai izan garela islatzea». Gatiburen 20. urteurrena han ospatzeko antolatutako jaialdiak makina bat gorabehera izan zituen. Hori dela eta, «garai apokaliptiko hauei baikortasunez eta goxatuz aurre egin diezaiogun proposatzen du “EHdistopikala” diskoak».

Alex Sarduik (ahotsa), Gaizka Salazarrek (bateria) eta Haimar Arejitak (gitarrak, sinteak eta konponketak) aurtengo uztail eta irail bitartean grabatu zuten lan hau Gironako Music Lan estudioetan. Soinu ingeniaria Jordi Mora izan zen; «diskoan nahi genituen fantasiak sar genitzakeela esan zigun». Ekoizpenaz Emili Bosch arduratu zen. Eta fantasiak errealitatea bihurturik, rocketik haragoko soinu berriak bilatu dituzte gernikarrek, orain arteko diskorik dantzagarriena ontzeko.

Mundua hankaz gora dago, baina dantza gaitezen

Haizeek eta perkusioak berebiziko presentzia dute Gatiburen sonoritate berrian. Pop elektronikoa, funkya, doinu latinoak, Karibe aldeko doinu beroak eta Afrikako erritmoak uztartu dituzte. Zazpi kantez osatutako diskoa -tamaina ertainekoa zen aurreko diskoa ere-, “EHdistopikala” honek zuzeneko indartsuak eta dantzagarriak iragartzen ditu. Diskoa, biniloa eta kasetea Azokan salgai egongo dira, eta plataformetara azaroaren 25ean iritsiko da. Euskal Herrian egingo duten lehen zuzenekoa Miribillan finkatua da martxoaren 18an. Pare bat datu: dagoeneko pistako sarrerak salduta daude, 2.000 bat inguru; eta taularen gainean bederatzi bat musiko izango dira.

Kanturako hautatu dituzten gaiak pil-pilean daudenak dira, hala nola ekonomikoak, sozialak eta, batez ere, klimatikoak. Egoeraren irakurketa garratza egin dute Gatibukoek, ironiatik tira eginez; hitzetan argi eta garbi islatzen da.

Laburbilduta, hauxe da adierazten duten mezua: bizi dugun une beltzaren aurrean, dantza egin eta goza dezagun.

Gatiburen zigilua

Kantuei dagokienez, diskoa horrela zabaltzen da: “Bizikleta hartu eta banoie” -musika beltzaren kutsu nabarmenarekin-, “Ezin disimulatu” -diskoa hedabideetan zabaltzeko aukeratu duten merenge estiloko kanta-, eta “EHdistopikala”.

Hauek izan ziren sortzen lehenak eta kanta hauek finkatu zuten, nolabait, diskoaren “espiritua”. Eta, bide batez, Gatiburen norabide aldaketaren ildoa.

«Gu ez gara lotu sekula estilo batekin, baina lan guztiek, honek ere bai, Gatiburen zigilua dute», aipatu zuen atzo Haimar Arejitak.

Nolakoa izango ote da Euskal Herria 40 urte barru? Zein aldaketa ekarriko dizkigu larrialdi klimatikoak? Umoretik, ironiatik imajinatu dute Gatibukoek gure herri distopikoa, non, adibidez, surflariak olatuak hartzen arituko diren Oñatin. Juantxo Skalarik parte hartu du kanta honetan, baita Nerea Reparaz kazetariak ere, “Teleberri” distopiko bati ahotsa jartzen. «Gai serioak ironiaz landu ditugu, melodia alaiez», taldekideen esanetan.

Diskoa osatzen duten beste kantak: “Maite zaitut baina ez zaitu behar” -maitasuna askatasunean bizitzeko deia, funky doinuez jantzita-, “Danok dekogu”, “Urten” -Afrikako gitarren eragin aipagarriarekin- eta, diskoa bukatzeko, “Zure bazterrak” abesti samurra. «Euskal Herriari eskainitako kantu bat da, gure lurrari egindako maitasun aitortza, bere sasoian Artzek eta Laboak “Gure bazterrak” kantan egin zuten eran». Herrikoia izateko asmoz sortutakoa da, beren-beregi jendeak kantatzeko asmoz asmatua.