GARA
PILOTA - BINAKAKOA

Peio Etxeberria-Rezustak ezinbesteko lehen garaipena eskuratu dute Tolosan

Laso, pilota astintzen, ondoan Peio Etxeberria duela.
Laso, pilota astintzen, ondoan Peio Etxeberria duela. (Jon URBE | FOKU)

Laugarren jardunaldian iritsi da, azkenean, Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta bikotearen lehen garaipena aurtengo Binakako Txapelketan. Tolosak astelehenetako neurketa antolatu zuen atzo berriz ere, igandean Bertso Txapelketak hartu baitzituen begirada guztiak. Bertan 18-22 irabazi zieten Unai Laso eta Ander Imazi.

Lehen atsedenaldian aurretik ziren atzo urdinez jantzitako pilotariak (9-12), eta aldeak zertxobait handitu zituzten bigarren geldialdian (13-18). Gorriak kontrapuntuan aritu ziren neurketa osoan, baina 18ra iristea lortu zuten behintzat, sailkapen nagusiko hirugarren tokiari eusteko eran.

Hain luzea den txapelketa honetan beti ona izaten da lehenbailehen puntuak pilatzen joatea; atzoko garaipenarekin azkeneko postutik atera dira, eta hara jaitsi dira Ezkurdia eta Martija, tanto kopuruengatik. Jaka eta Aranguren, aldiz, seigarren dira garaipen kopuru berarekin.

Bosgarren jardunaldia ostegun honetan hasiko da Arrasaten; ostiralean Irunen jokatuko dute; igandean, Gabonetan, Eibarren; eta astelehenean berriro Tolosan arituko dira.