Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Sorpassoa», sailkapenean eta kantxan, gauzatu dute Peio Etxeberria eta Rezustak

Aspeko bikoteak ideiak askoz garbiago izan zituen Tolosan. Baikokoen artean, Jon Mariezkurrenari pilota bat sartu zitzaion eskuineko eskuan.

Peio Etxeberriak partida biribila jokatu zuen.
Peio Etxeberriak partida biribila jokatu zuen. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Nola aldatzen diren gauzak kamarada», kantatzen zuen Hertzainak taldeak, eta gasteiztarrak boladan dauden honetan haren kantuak bikain ematen du atzo Tolosan aritu ziren bi taldeen ibilia laburbiltzeko. Duela hiru aste, enpresa bereko bikoteen arteko partidak amaitu zirenean, Peña-Mariezkurrena Peio Etxeberria-Rezustaren antipodetan ziren, jokoz eta puntuz, Baikokoak jokatutako hiru partidak irabazita eta Aspekoak denak galduta zirelako. Hilabete ere ez da pasatu ordutik, eta «sorpassoa» erabat gauzatu zen atzo Tolosan.

Oraintxe, sailkapenez eta kantxan ematen duten itxuragatik, Aspekoak gainetik daude, eta atzoko partidan oso nagusi izan ziren ia hasieratik. Beotibarren bertan Laso-Imazi irabazi zietenetik, Etxeberriak eta Rezustak gora egin dute nabarmen. Atzo kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi zuten, batez ere Bergarako atzelariak atzoko freskotasuna mantentzen badu eta aurrelaria, atzo bezala, gauzak buruz eta eraginkortasunez egiteko gai bada.

Ideiak argi zituztela irten ziren urdinak kantxara: aurrean erritmoa sartu, aurkariei aurpegiz jokatzen ez utzi eta, ahal zela, Peña alderik alde mugitzen saiatu, zabaletik kosta egiten baitzaio pilotak altxatzea. Boleaz sartuta, pilota ezker paretara arrimatuta ere, min handia egin zien Zenotzekoak.

Txanpon beraren beste aldea izan ziren Peña-Mariezkurrena: ideiak argi ez, bikoterik ezin eginda... eta gainera atzelaria eskuin eskutik justu.