Presoen etxeratzea egia bihurtzeko ikur berria, lau haizetara zabaltzeko
Euskal presoen urruntzea eta dispertsioa martxan jarri zenetik 34 urte igarota, politika horren bukaera hurbil delarik, «etxera bidea gertu» mezua egia bihurtu dadin ikur berria aurkeztu dute alor desberdinetako zenbait eragilek.

Agertoki berria aurreikusten dute euskal presoen aferan. 2023ko urte hasieran urruntze politika amaitzea espero dute, eta agertoki berri batek ikur berriak sortzea dakar. Euskal presoen etxeratzea helburu izanik, aldarrikapenerako irudia moldatu dute, esanahiari hobe heltzeko asmoz. Euskal Herriko mapa kendu diote, baina geziei eutsi: «Geziek erakutsi diguten bideari jarraiki, ‘etxera bidea gertu’ mezua egia bihurtzen hasteko unea da». Donostiako Miramon parke teknologikoan elkartu ziren atzo alor desberdinetako zenbait kide euskal presoen etxeratzean konpromisoa erakutsi eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den mobilizaziora dei egiteko.
Xabier Euzkitzek eta Iholdi Beristainek hartu zuten hitza. Gogoratu zuten 34 urte luze igaro direla urruntze politika indarrean jarri zutenetik, eta «sufrimendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisiko ikaragarria» eragin duela. Sakabanaketaren eraginez, astero ehunka kilometro egin behar izatera eraman dituela hainbat euskal herritar, eta «itzulbiderik gabeko» ondorioak ere ekarri dituela: espetxeetara joan-etorrietan errepidean hil diren 16 pertsona.
2023. urtearen hasieran urruntze politikaren amaiera espero dute. «Presorik gehienak Euskal Herrian daude, zama handia kendu dugu gainetik, baina salbuespen politikak indarren jarraitzen» duela nabarmendu zuten. Horregatik, «trabarik gabeko bide bat» aldarrikatu zuten, gradu aldaketak eta espetxe baimenak salbuespenik gabe ezartzeko eskatu; legea bete dadila, azken batean.
Aurrera egindako urratsak goraipatu zituzten, eta urte luzetako lana balioan jarri: «Ideologiez harago, hainbat euskal herritar mobilizatu ziren presoen eskubideak ez ezik haien familienak ere urratzen zituen urruntze politikari amaiera eman ziezaioten eskatzeko».
Ikur berria agertoki berrira hobe moldatzen dela iritzita aurkeztu zuten, eta «’etxera bidea gertu’ mezua egia bihurtzen hasteko garaia» dela aldarrikatu. Horretarako ikur berria bazter orotara heltzeko nahia dutela adierazi zuten. Bidea elkarrekin egiten segitzearren, larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten.
Herri babesa eta borondatea
Askotariko eremu ideologiko eta profesionaleko pertsonak elkartu ziren, eta adierazi zuten «egiazko bakeak eta egiazko bizikidetza lortzeko urratsak egin nahiak» batzen dituela.
Euskal Herriko 40 lagun ezagun baino gehiago elkartu ziren. Sareko zein Etxerateko kideak egon ziren, Joseba Azkarraga, Bego Atxa, Xochitl Karasatorre eta Gorka Garcia, beste hainbaten artean. Kirol mundukoak, Axi Muniain, Lur Errekondo, Oihana Azkorbebeitia eta Ioritz Etxeberria. Josu Txapartegi ‘Txapas’ eta Pello Armendariz musikariak ere han izan ziren, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreekin batera. Iñaki Lasagabaster eta Amaia Izko abokatuak ere Miramonen ziren. Beñat Gaztelumendi eta Amaia Agirre bertsolariek kantatu zuten ekitaldiari hasiera emanez.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
