GARA
IRUÑEA

Nafarroako eskola publikoetako ratioak jaisteko eskatu dute sindikatuek

Nafarroako Legebiltzarreko elkarretaratzea.
Nafarroako Legebiltzarreko elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hezkuntzaren sektoreko sindikatuek Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo, «premiazko eskaera bat» mahai gainean jartzeko: eskola publiko guztietako ikasgeletan ratioak jaistea. Legebiltzarreko talde denekin mintzatu ondotik, erran zuten ez dutela aurkako jarrerarik topatu.

Hala azaldu zuten: «Beharrezkoa da, behingoz, ikasgeletako ratioak txikitzea, horrek erruz hobetuko bailuke hezkuntzaren kalitatea». Adibidez, gelako ikasle gutxiago egoteak laguntza bereziak behar dituzten haur eta gazteen egoerari mesede eginen liekeela defendatu zuten. Hezkuntza pertsonalizatuagoa jasotzen ahalko lukete eta, beren ikasketa ez ezik, ikasleria guztiarena hobetuko litzateke. Ikasgelak eta zentroak ixtea ere ekidingo litzateke. Haur gutxi jaiotzen den eta irakasleen aldaketak handiak diren garaiotan, langileria egonkortuko luke.

Haur hezkuntzan, ikasgelako gehienez 20 ikasle egotea aldarrikatu zuten. Gainerako etapetan poliki-poliki ratioak jaisten joatea defendatu zuten.

Kontuen Ganberaren txosten baten arabera (2022ko urrikoa), 9.734 ikasletik %37k dute laguntza bereziaren premia Nafarroan, eta horietatik gehienak eskola publikoetan daude. Sindikatuen ustez, Hezkuntzak erantzun bat eman behar du, besteak beste gelako ikasle kopurua jaitsita.