GARA
PILOTA

Binakako Txapelketak eman dion «oparia» aprobetxatu nahi luke Iker Irribarriak

Urdulizen, ostiralean, «Ezkurdia saihestu eta jokoa Martijari kargatzea» izango da Aramako aurrelariaren lehendabiziko lana, Zabaletarekin batera.

Binakako Txapelketak eman dion aukera baliatu nahi du Irribarriak.
Binakako Txapelketak eman dion aukera baliatu nahi du Irribarriak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Kolpe bat jasotzen duzun bakoitzean bizitzak beste aukera bat ematen dizu». Filosofiko eta estoiko azaldu zen atzo Iker Irribarria Urdulizko pilota aukeraketan. Aramako aurrelariak 2017an Rezustarekin batera Binakako Txapelketa eraman zuen eta bi urte geroago, Zabaleta atzelari zuela, finalera iritsi zen Elezkano II.a eta Rezustaren aurka galdu bazuen ere. Baina 2023an gaude orain eta oraindik 26 urte bakarrik baldin baditu ere, ostiral honetan egingo du aurrelari gipuzkoarrak Binakako Txapelketako edizio honetan debuta, Aitor Elordik ezker eskua minduta baitu.

«Niretzat hau opari bat bezalakoa da. Bihar beste partida bat daukagu -gaur Mungiako jaialdiko aurreneko partida jokatuko du- eta ea txukun bukatzen dugun, eta ostiralean ea gure maila emateko aukera daukagun. Ilusioa egiten dit hemen egoteak eta ea merezi dugula erakusteko gai garen», adierazi zuen Aramakoak.

BETEBEHARRAK

«Txapelketako materialera» egokitzea eta «Ezkurdia saihestea» ei dira, Irribarriaren beraren hitzetan, bere aurreneko betebeharrak.

«Ez da ongi jakiten erritmoa hartzea zenbat kostako zaidan. Pilotek beste tiro bat dute, baina hasiera-hasieran ez bada ere, behin apur bat gastatzen direnean ongi jartzea espero dut», azpimarratu zuen.

Hargatik, gakoa «Joseba -[Ezkurdia] saihestean» datza. «Ahalik eta hotzen mantendu behar dugu aurrean eta jokoa Martijari atzean kargatu. Eta gero, aurrean abiadurarekin amaitu», gaineratu zuen Irribarriak, itxaropentsu.