Amaia ZURUTUZA
DONOSTIA

«Kamarada, hobe behean bizirik, goian hilda baino», Montejurran

Montejurrako 1976ko erromeria karlista ez zen edonolakoa izan. Franco hil berritan, eta Juan Carlos Borboikoa Estatuburu zela, oposizio bihurtutako karlismo sozialista autogestionatua jopuntuan zeukan Manuel Fraga frankistak. Bi lekukoren testigantza jaso du NAIZ Irratiak.

Lizarran 2016an, Montejurrako sarraskiaren 40. urteurrenean, egindako ekitaldia.
Lizarran 2016an, Montejurrako sarraskiaren 40. urteurrenean, egindako ekitaldia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Milaka lagun bildu ziren 1976. urteko maiatzaren 9an Montejurran, Alderdi Karlistaren urteroko erromerian. Urte hartakoa, ordea, ez zen edonolakoa izan. Francisco Franco hil berritan, eta Juan Carlos Borboikoa estatuburu zela, Manuel Fraga Iribarne garaiko Gobernazio ministro frankistak jopuntuan zeukan oposizio bihurtu zen karlismo sozialista autogestionatua.

Francoren aurka zeuden karlistak eta diktadurarekiko haustura defendatzen zuten milaka lagun elkartu ziren 1976an Montejurran, eta Estatutik hitzordua lehertzea erabaki zuten.

Lizarraldeko Felix Prieto eta Elena Urabayen Albizuk NAIZ Irratian azaldu dute aurreko egunetan jada giro nahasia nabari zela, faxistak zebiltzala inguruan. Konplotaren susmoez jakitun, Urabayen Albizuren familiak Montejurrara beste bide batetik igotzea erabaki zuen. Aurrera egin ahala, ezohiko pertsonekin topatu ziren.

Bi kolpe egon ziren Montejurran. Lehena, Iratxeko monasterioaren alboan. Han zeudenak harrikatu eta ezkutuan zeuden mertzenarioek Aniano Jimenezen aurka egin zuten tiro. Hiru egunera hil zen Jimenez Nafarroako Ospitalean. Goizean goiz mendira igo zirenek ez zuten Iratxen gertatutakoaren berri izan. Aldiz, Montejurrako tontorrera iristean, ezin izan zuten aurrera egin. Oihuak entzun ziren lehenik, batzuk erregearen eta Espainiaren alde, beste batzuk karlismoaren eta autogestioaren alde, eta tiroak ondoren.

Ricardo Garcia Pellejero larri zauritu zuten eta hil egin zen. Tiroen ostean zalantza izan zuten mendian segitu ala behera jaitsi. Prietok gogoan du «kamarada, hobe behean bizirik, goian hilda baino» esan zuela batek eta, azkenean, mendia atzean uztea erabaki zuten.

Urabayen Albizu familiak entzun zuen tiroketa. Aurrera egin ahala gurutzatu zituzten ihesean zihoazen tirogileak, erabili zuten metrailadorea eta guzti. Ikaragarrizko sarraskia topatu zuten Montejurra gainean.

Dokumentuak

Alderdi Karlistak azkenaldian bereganatu dituen dokumentuek Estatu espainolak 1976ko Montejurrako hitzordua leherrarazi zuela berresten du, Juan Carlos Borboikoa babesteko ahaleginetan. Jose Ruiz de Gordoa zen garai hartan Nafarroako gobernadore zibila eta Manuel Fraga Iribarne, Gobernazio ministroa. Karlismoaren sektore atzerakoienak eta mundu osoko ultraeskuindarrak lagun izan zituen. Hori adierazten dute hilaren 9an Alderdi Karlistak Iruñean aurkeztu zituen dokumentuek.

Ruiz de Gordoak Fragari 1976ko urtarrilaren 5ean igorri zion gutunean argi eta garbi esaten zuen karlismoaren norabidearen aurrean Montejurran muturra sartzea ezinbestekoa zela. Apirilaren 19an, berriz, Segurtasun arloko zuzendari nagusiak karlismo aurrerakoiaren eta atzerakoiaren arteko liskarra piztea egokitzat jotzen du. Ruiz de Gordoa Iruñeko Tres Reyes hotelean karlismo atzerakoiaren lider Sixtorekin elkartu zen. Nafarroa kanpotik 4.650 ultraeskuindar ekarri zituzten.