GARA
BILBO

Otsailean dator Emakumeak Zientzian, 50 jarduerarekin

Hogeita lau euskal erakundek elkarlanean antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioa. Otsailaren 8tik 17ra bitartean egingo da Gipuzkoan eta Bizkaian.

Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren aurkezpeneko irudia.
Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren aurkezpeneko irudia. (ELHUYAR)

Hogeita lau euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian egitasmoan, otsailaren 11n ospatuko den Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna aitzakia, zenbait egunetako programa bateratua antolatzeko.

Otsailaren 8tik 17ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2023 ekimenaren jarduerak. Sustatzaileek atzo Bilbon egin zuten agerraldian aditzera eman zutenez, zazpigarren edizio honetarako 50 ekintza baino gehiago antolatu dituzte. Aurten, gainera, Gipuzkoan ez ezik Bizkaian ere garatuko da programa, eta izen-emate epea irekita dago jadanik.

Emakumeak Zientzian proiektuaren helburua ondokoa da, nabarmendu zutenez: «Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diren ustea apurtzea, eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea».

«Azpimarratu nahi dugu emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa dela, pertsona guztientzat sarbide eta garapen profesional berdinzalea bultzatzeko», esan zuen Emakumeak Zientzian proiektuko antolakuntzak.

Programa zabala

Jai giroan hasiko da emakume zientzialariei eskainitako astea, otsailaren 8an Donostian. Bertan, ekimenari atxikitako erakundeetan lan egiten duten emakumezko zientzialari eta teknologoak omenduko dira. Halaber, Janus Lester artistak osatutako Emakumeak Zientzian ereserkia aurkeztuko da.

Egun horretatik aurrera, Gipuzkoan eta Bizkaian, nerabeentzat ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak egingo dituzte, eta eskolek mahai inguru batean parte hartu eta ikerketa zentro batzuk bisitatzeko aukera izango dute.

Familientzat, “Zientziaren izarrak” esperimentu tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan.

Bestalde, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira, «emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko».

Publiko orokorrarentzat “Emakume zientzialariak atzo eta gaur” zientzia ekitaldia egingo da, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Atzo prentsaurrekoan aditzera eman zutenez, ikerketa zentroetan lan egiten duten emakumezko batzuk igoko dira oholtzara ekitaldi horietan, beraien ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, «haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emateko xedez».