Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

Espainiako Futbol Federazioak arrazoi eman dio Osasunari

Nafarrek aurkeztutako inpugnazioa onartu eta Barcelona Kopatik kanporatu du Federazioak. Gorri-urdinek helegitea aurkeztuko dute Apelazio Batzordean. Sevillak akatsa eta zigorra onartu ditu.

Torras eta Geyse, Sadarren jokatutako partidan.
Torras eta Geyse, Sadarren jokatutako partidan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Espainiako Federazioko Diziplina Epaileak ontzat eman ditu Osasunaren eta Villarrealen aurkaratzeak, Barcelonak eta Sevillak Kopako final zortzirenetako partidetan egindako zelairatze bidegabeengatik.

Eskatzaileei eman die arrazoia, partidak irabazitzat emanez eta, beraz, biek jokatuko dituzte final laurdenak. Kanporatutako klubek hamar egun dituzte Apelazio Batzordera jotzeko. Sevillak ez du aurrera egingo, akatsa onartu ondoren; baina Barcelonak, helegitea aurkeztu bakarrik ez, «azken instantziaraino helduko dela» aurreratu du.

RFEFaren Diziplina Kodearen 70. artikulua aplikatuz, Barcelonak urtarrilaren 10ean Sadarren irabazitako partidan Geyseren zelairatze bidegabea zigortu da. Aurrelaria aurreko denboraldiko Kopan jokatutako azken partidan kanporatu zuten, orduan Madrideko futbolaria zela, eta, beraz, hurrengo edizioko -hau da, aurtengo- lehen partidan zigorra bete behar zuen. Nolanahi dela, taldean ez zen inor konturatu, ez eta brasildarra bera ere; eta Osasunaren kontra jokatu eta gola sartu zuen.

Partida amaitzear zegoela, “Relevo” komunikabide digitala ohartu zen hanka sartzeaz. Osasunak informazioa egiaztatu eta neurketaren ondoren partida inpugnatzeko erabakia hartu zuen. Barcelonak alegazioak aurkeztu zituen, baina Epaileak nafarrei eman die arrazoia.

Auzia, hala ere, ez da amaitu. Xavi Hernandez Barcelonaren gizonezkoen lehen taldearen entrenatzaileak klubaren «akatsa» izan zela erantzun zuen atzo prentsaurrekoan: «Arauak daude eta gure akatsa izan da. Kopatik gure akats batengatik kanporatu gaituztela onartu behar da. Arau bat dago eta arauak erabakitzen du», esan zuen. Baina, arratsaldeko azken orduan, Kataluniako klubak helegitea aurkeztuko duela adierazi zuen komunikatu ofizial batean, eta «azken instantziaraino helduko dela». Klubaren ustez, «zelairatze bidegabea egon ez izana dakarten akatsak egon dira». Federazioak Geysek zigorra bete behar zuela era egokian komunikatu ez izana izango litzateke aipatzen duen akatsa.

Villarrealek, bere aldetik, badaki final laurdenak jokatuko dituela. Epailearen erabakia ezagutu ondoren, Sevillak bere akatsa onartu zuen Nago Calderonen zelairatze bidegabearen kasuan, eta ez du Apelazio Batzordera joko.

> Laburrean

Lesioa. Superkopako finalean lesionatuta, Gaby Garciak peronea hautsi du. Atzo operatu zuten eta gutxienez bizpahiru hilabete beharko ditu alta hartzeko.

Lehia. Borroka estua dago 1.RFEF mailaren buruan, zazpi talde baitaude lau puntuko tartean, bigarren itzuliaren hasieran. Berdinduta daude, podiumean, Cacereño, Depor eta Eibar; eta Osasuna lau puntura dago. Beheko aldean ere lehia gogorra dago. Athletic Bek jaitsiera tokian jarraitzen du, baina aurreko talde bien puntu berak ditu eta 12.etik bi puntura besterik ez dago. Larunbatean Eibar hartuko du Lezaman. Osasunak eta Deporrek Taxoaren jokatuko dute.

Ordaina. Liga Fko taldeek 437.500 euro hartuko dituzte Europako Txapelketan aritu ziren jokalariengatik. 10 klub dira guztira, euren artean Reala eta Athletic. Zuri-urdinei 18.000 euro ordainduko dizkiete, eta bizkaitarrei 12.000. Barcelona da diru gehien hartuko duena, 165.000 euro. UEFAk orotara banatuko dituen 4,3 milioietatik 879.000 euro hartuko dituzte Ingalaterrako klubek.

Merkatua. Duela urtebete Aline Reisek erretiroa hartu zuen, Orlando Prideko atezainen prestatzailea izateko. Orain berriro jokatzea erabaki eta Granadillara itzuli da.

NWSL. Alyssa Thompson aukeratu du Angel Cityk Draftaren lehen postuan. Historian lehenbiziko aldiz bigarren hezkuntzako ikasle bat izan da aurreneko aukera. Nolanahi dela, Thompsonek selekzioarekin jokatu izan du dagoeneko.

Frantzia. Montpellierri irabazi (2-0) eta lidergoa berreskuratu du Olympiquek, PSGk Fleuryren kontra lortutako ezusteko berdinketaren ondoren. Pariskoek bi goleko abantaila zuten 49. minutuan, baina 4-4ko emaitzarekin amaitu zuten.

Ingalaterra. WSLko jardunaldiko hiru partida bertan behera utzi zituzten izotzagatik, eta entrenatzaileen, futbolarien eta zaleen kritika gogorrak eragin zituen.