Dabid LAZKANOITURBURU

Burkina Fasok hilabete eman dio Armada frantziarrari alde egiteko

Soldadu frantziarrak, Burkina Fason.
Soldadu frantziarrak, Burkina Fason. (Michele CATTANI | AFP)

Parisek Burkina Fason duen enbaxadoreari etxeratzeko deia egin dio. Bide berbera egin beharko dute Afrikako herrialdean dauden 400 militar frantziarrek. Uagaduguko Junta militarrak hilabeteko epea eman die alde egiteko. Estatu frantziarraren Kanpo Arazoetarako Ministerioak Burkina Fason duen enbaxadoreari deitu dio argibideak eskatzeko, hango Gobernuak Armada frantziarrari ateratzeko epea iragarri eta biharamunean.

Argot diplomatikoan krisialdi diplomatiko baten atarian gaudela esan nahi du. Izan ere, kontsultaren helburua bi herrialdeen arteko elkarlanaren etorkizuna aztertzea da.

Atzo, han dituen tropak erretiratuko dituela onartu behar izan zuen Parisek, herrialdeko junta militarrak hilabeteko epea eman baitio alde egiteko. Indar berezien 400 kidek osatzen duten destakamentu frantziarra hiriburutik gertu dago, kaserna batean bilduta.

Burkina Fasoren erabaki bera hartu zuen duela urtebete Maliko Gobernuak, berau ere junta militarra. Malin gertatu zen bezalaxe, militarrek Estatu kolpe bat eman zuten boterea eskuratzeko -egia esanda bi, iazko urtarrilean eta urrian-.

Ondorioz, Ibrahim Traore kapitaina da Burkina Fasoko Estatu burua. Gizarteak metropoliari buruz duen mesfidantza eta 2015etik hona eguneroko kontua diren eraso yihadistek sortzen duten haserrea aprobetxatu ditu armadak botereari eusteko, betiere Wagner taldeko mertzenario errusiarren laguntzaz.

1,9 milioi burkinafasoar etxetik ihes egitera behartu dituen yihadismoaren errua Parisi egotzi diote militarrek, eta abenduan Luc Hallade enbaxadoreari alde egiteko exijitu zioten. Badirudi helburua lortu dutela.