GARA
MADRID

Garraio publikoan musukoa erabiltzea ez da nahitaezkoa izango

Gobernu espainolak atzo aurreratu zuenez, garraio publikoan musukoaren derrigorrezko erabileraren amaierak badu data: otsailaren 7an asteroko Ministroen Kontseiluan maskara kentzea onartuko dute. Neurria hurrengo egunean, asteazkenean, sartuko da indarrean, eta ordutik aurrera nahi duenak bakarrik erabiliko du.

Azaldu zutenez, nahitaez erabiltzen jarraitu beharko da osasun guneetan, hau da, ospitaleetan, osasun zentroetan, espazio soziosanitarioetan, optiketan, farmazietan edo hortz kliniketan, esaterako.

Fernando Simon Alerta Zentroko koordinatzaileak musukoen erabileraren derrigortzea pixkanaka desagertzen joango zela iragarri zuen, aurretik Europako beste herrialde batzuek egin duten gisa berean.

Carolina Darias Estatu espainoleko Osasun ministroak atzo baieztatu zuen berria, zeinek joan den astean neurri berria «laster» iritsiko zela iragarri zuen.

Hamar hilabete geroago

Gobernuaren erabakia aurrerapauso garrantzitsua da pandemia osteko deseskalatzean, hiru urte baitziren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako garraiobideetan sudurra eta ahoa babestea nahitaezkoa zela.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, derrigortasuna lehenago utzi zuten bertan behera.

Estatu espainoleko neurri berria, leku itxietan, maskara kendu eta hamar hilabetera iritsiko da.

Adituek garraio publikoko musukoaren erabilera martxora arte luzatzea gomendatzen zuten, covidaz aparteko bestelako arnasbide gaixotasunak direla eta. Hala eta guztiz, neurriaren aldaketa aurreratzea erabaki du orain Gobernuak.

Dariasek esan duenez, Estatu espainolak eta Alemaniak bakarrik eusten diote maskararen erabilerari garraioetan.