GARA
BILBO

Iruñea, Donostia eta Bilbo, logela bat alokatzeko hiri garestienen artean

Spotahome plataformak egindako ikerketaren arabera, Bilbo, Donostia eta Iruñea espainiar Estatuko hamar hiri garestienen artean daude logela bat alokatzeko garaian.

Zehazki, Bilbo ranking horretako zortzigarren postuan dago. Bizkaiko hiriburuan hilean 483 euroko batez besteko prezioa du partekatutako pisu batean logela bat alokatzeak. Donostia bederatzigarren postuan dago 482 eurorekin; eta Iruñea hamargarren postuan, 459 eurorekin. Gasteiz ez da agertzen plataforma horrek zabaldutako informazioan, Estatuko 27 hiriren zerrenda bakarrik jasotzen baitu.

Logela bat alokatzeko hiririk garestiena Bartzelona da, batez beste 603 eurorekin hilean; ondoren Madril (558 euro), Palma (516), Santa Cruz Tenerifekoa (510), Jaen (500), Las Palmas Kanaria Handikoa (495) eta Sevilla (488) daude. Jarraian aipatutako hiru euskal hiriburuak kokatu dituzte.

Spotahomeren arabera, KPIaren igoera, eskaintzaren eskasia eta hipoteka bat eskuratzea zailtzen duen interes tasen igoera dira alokairuaren prezioaren igoera eragin duten arrazoi nagusiak.

Gainera, 2023an ere prezioek gora egingo dutela aurreratu du plataformak. Etxebizitza bat alokatzeko dauden zailtasunak etxebizitza partekatuetan gelen eskaria ere handitzea eragin du, prezioak igoz.

Etxebizitza eskuratzeko arazoa gero eta handiagoa da, batez ere hiri handietan. Egoera horretan, neurriak hartzen hasi dira hiri batzuk. Adibidez, EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak etxebizitzari buruzko sail arteko foroa abiaraziko du.