«Askotan garaipen batek baino gehiago ematen du disfrutatzeak»
Malen Osa Ansa (2002, Oñati) mendi korrikalariak sasoi ezin hobea egin zuen iaz, besteak beste, Golden Trail Serieseko Open kategoriako bost etapak irabazita. Horrek, haren ustez, bide eman dio Salomon Future Team Internacional taldean egoteko. Denboraldia bi aste barru hasiko du Murtzian, eta jokoan du Munduko Txapelketarako txartela lortzea.

20 urte besterik ez du, baina batzuetan adinak ez du zerikusirik heldutasunarekin. Malen Osa Ansa horren adibide garbia da. Zorrotz mintzatu da Oñatiko mendi korrikalaria, eta datorren denboraldirako xede anbiziotsuak ditu: Munduko Txapelketarako sailkapena lortu eta Golden Trail Series lasterketetan zerbait «txukuna» egin.
Oraingoz, baina, maratoiak ez ditu korrituko, tartean Zegama-Aizkorrikoa. Horrez gain, Oñatikoak aitortu du, iragan sasoia oso ona egin zuen arren, une «gogorrak» ere pasatu zituela, lesioak tarteko. Horren harira, Osak hitz egin du halako kiroletan errendimenduaren eta osasunaren arteko oreka «hari fin batek» markatzen duela.
Denboraldiaurre bete-betean egongo zara. Nola doaz entrenamenduak?
Abenduan ekin nion denboraldiaurreari, eta azkeneko asteetan entrenamendu saio dezente egin dut. Nahiko indartsu hasi naiz, ate joka dudalako sasoia. Otsailaren 18an korrituko dut lehendabiziko lasterketa Murtzian, eta jokoan egongo da Munduko Txapelketarako txartela. Erronka handia izango da, baina motibatuta eta gogotsu nago; ea zer datorren.
Horren ondotik, zein lasterketa gehiago korrituko dituzu?
Euskal Herrian korrituko ditut pare bat, Euskadiko Txapelketak direnak, eta ondoren Kataluniara joango naiz, Lloret de Marreko lasterketara. Lehen zati hori egongo da bideratuta Munduko Txapelketarako txartela lortzera.
Iragan sasoian Madeiran Open kategorian lehena izanagatik, aurten Golden Trail Serieseko hiru txapelketetan parte hartuko duzu. Pentsatu al duzu horietako zeinetan korrituko duzun?
Distantziaren arabera hartu dut erabakia, asko maratoiak direlako, tartean Zegama-Aizkorrikoa. Oraindik gaztea naiz pauso hori emateko, eta badut denbora maratoira salto egiteko. Beraz, aurten erabaki dut maratoiak alde batera uztea, eta distantzia laburragoak dituzten lasterketetan zentratzea. Kasu honetan, Dolomitetako Dolomits Run lasterketan ariko naiz, eta gero AEBetara joango naiz irailean, Kaliforniara eta Kolodarora, Pikes Peak Ascent eta Mammoth 26K lasterketak korritzera.
Horietan xedea zein da?
Ikuspegi desberdina dut. Dolomitetako lasterketarako oso motibatuta nago, lasterketa hori niretzat aproposa izan ahal delako: oso teknikoa da, eta hemen inguruan asko ibiltzen naiz entrenatzen alderdi teknikoetan. Amerika beste kontu bat da. Hara gehiago noa esperientzia bizitzera. Beste altura batean dira lasterketak, eta hango jendea oso indartsua da. Hara joan, eta disfrutatzearekin nahikoa dut.
Esan duzu aurten Zegama-Aizkorri mendi maratoian ez zarela lehiatuko. Ikustera joango zara?
Bai, dudarik gabe. Gezurra ematen du, baino orain dela pare bat urte joan nintzen lehenengo aldiz ikustera. Jada urteroko hitzordua bihurtu da Zegama-Aizkorri lasterketa. Aurten ikusle moduan egongo naiz animatzen, taldekideak han ariko dira eta. Ea hurrengo urtean dortsala janzteko aukera dudan.
Zuretzat berezia izango litzateke Zegama-Aizkorri korritzea; giroarengatik, batez ere.
Bai, uste dut mendi lasterketen mundu honetan aritzen den edozein korrikalariren ametsa dela proba horretan dortsala lortzea. Nire kasuan, alde horretatik, nire ametsa da Zegaman irten, eta karrera on bat egitea. Are gehiago hemengoa izanda; nire entrenatzeko lekua da, nire etxea, eta badakit jende asko egongo dela ikusten.
Joan den denboraldia bikain osatu ostean, zein da zeure buruari jarri diozun helburua datorrenerako?
Nire helburu nagusiak beti disfrutatzea izan behar du, bai aurreko urtean, lehenengo denboraldia izanik, bai hemendik hamabost urtetara. Askotan garaipen batek baino poztasun gehiago ematen du disfrutatzeak.
Hori alde batera utzita, eta emaitzetan arreta jarrita, gustatuko litzaidake hasieran aipatu dudan Munduko Txapelketarako txartela lortzea, ekainean Eastbrooken (AEBak) jokatu den lasterketan. Eta gero ea Goldenetan zerbait txukuna lortzen dudan. Anbizio handiko helburuak dira. Eta ez baldin banaiz iristen, badakit lehenengo eta bigarren urtea dela honetan nabilena, baina emaitza txukunak lortu nahi ditut.
Emaitza onek dakarte presioa areagotzea, gehienetan. Aurten, presio gehiago sentitzen duzu datorrenari begira?
Ez. Hori da zuk nola hartzen duzun. Badakit begi gehiago edukiko ditudala begira, aurreko urtean emaitza oso onak lortu nituelako. Baina ez naiz inoiz zuzenean presionatuta sentitu, eta inguruko jendeak edo mundu hau ezagutzen duenak badaki emaitza onak bezala txarrak ere etor daitezkeela. Alde horretatik lasai nago, eta disfrutatzera joango naiz.
Lorpenak lorpen, joan den sasoia gazi-gozoa izan zela esan zenuen. Zer-nolako sentipenak izan zenituen?
Batez ere denboraldi hasieran, anemia bat tarteko, muskularki ez nintzen batere ondo sentitzen, eta alde horretatik gogorrak izan ziren lasterketak: emaitza oso onak lortu nituen, baina ni ez ninduten hainbeste betetzen. Horrelako adibide bat da, etxean bertan, Aloñako Igoera irabazi nuenean, ez nintzela batere gustura geratu egindakoarekin.
Geroago, Madeirako finalaren aurretik arazo muskularrekin hasi nintzen, berriz ere osasun arazo batengatik. Uda aurretik ere beste lesio gogor bat izan nuen, eta gutxi disfrutatu nuen. Hala eta guztiz ere, aurreko urteko denboraldia oso-oso polita izan zen, eta gehiago disfrutatu dut sufritu baino.
Horrelako kiroletan, emakumezkoetan gehien bat, errendimendua eta osasuna eskutik joatea zaila al da?
Bat nator oso fina izan ahal dela ondo egotetik gaizki egotera pasatzeko marra. Egun batean eginahalean egon zaitezke, eta hain fina da hari hori, apurtu daitekeela edozein momentutan, eta dena behera etorri. Baina horretarako daude laguntzak, eta espezialistak. Beraz, espero dut ildo beretik jarraitzea eta gauzak ondo joatea.
Hilabete honetan Salomonek iragarri zuen bertako Future Team Internacional taldean egongo zara. Nola iritsi zitzaizun aukera?
Uste dut ate hori zabaltzeko arrazoi nagusia izan zela Madeiran lortu nituen emaitzak. Hori azkenean goitik datorren erabaki bat da, eta zuk ez duzu erantzukizunik, baina ilusioz hartu dut. Azken finean ate asko zabaltzen dizkizu; jende berria ezagutzen duzu, eta jada mundu profesional honetara gerturatzen zara. Ilusioz nago, aurtengoa asko ikasiko dudan urtea izango delako.
Markentzat, zoritxarrez edo zorionez, gero eta garrantzitsuagoa izaten da sare sozialak erabiltzea. Eroso sentitzen zara giro horretan?
Egia esan, mendi korrikalaria naizenetik, niretzat handikap edo arazo nagusiena izan da sare sozialena, nahiko isila nintzelako, eta ez nuelako mugimendu askorik bertan. Baina denborarekin gero eta erosoago sentitzen naiz, eta eskerrak. Zuk esan moduan, orain bertan ez dut beste aukerarik. Poliki-poliki joango naiz, azkenean jokoaren parte da.
Mendiak ematen al du bizitzeko? Eta alderik ba al dago emakumeen eta gizonen artean?
Emakumeena esan duzula, adibidez, ni futboletik nator, eta hor ez dago alderik; zuria eta beltza dira. Mendi lasterketen mundua, zorionez, uste dut oraindik nahiko parekatuta dagoela, eta hori hala da orain hasi delako diru gehiago sartzen. Egia da gero eta jende gehiago dagoela horretatik bizitza ateratzen duena, edo profesionala dena, baina kirol honek iraungitze data bat dauka. Izan ere, ez duzu korri egingo 60 urtera arte. Orduan, oso garrantzitsua da ikasketa batzuk edo formakuntza bat izatea. Mundu honetatik bizitzeko gero eta baliabide hobeagoak daude, eta aukera gehiago ere bai, urte batzuetarako behintzat.
Profesionala izan nahi duzu?
Ez dut baztertzen. Ez dugu tentelak izan behar, eta aukera parean jarriz gero, disfrutatzen jarraituz gero, eta baikorra izanez gero, nik ere aukera moduan ikusten dut urte batzuetan korrika egitetik bizitzea. Baina ikasten nabil, eta garbi dut lehentasuna ikasketak direla. Hori bukatutakoan ikusiko dut.
Duela bi urte hasi zinen mendian lehiatzen, eta jada onenen pare aritzen zara. Burbuila baten barruan bizi zaren sentsazioa duzu?
Bai, gauza asko pasatu zaizkit oso denbora gutxian, eta etorritako emaitzak espero gabekoak izan dira. Sinistu ezinik bizi izan naiz denbora askoan, baina orain etenaldi bat etorri da, eta apur bat asumitu ahal izan dut hori guztia. Hala ere, niri baten batek esango balit, duela urte eta erdi lehenengo lasterketa egin nuenean, horrela egongo nintzela orain, barre egingo nioke. Zorionez gauzak ondo joan dira, eta gustura nago egiten ari naizenarekin; disfrutatzen nabil, eta etor daitezela berri on gehiago.
Zer lortu nahiko zenuke etorkizunean?
Ez naiz inoiz jarri pentsatzen horrelako helburu finkoetan. Nik disfrutatzen dut lasterketetan, eta bideaz ere bai, entrenamenduetan bereziki. Helburua ordea, eta beti esaten dut ideia berbera, disfrutatzen jarraitzea da. Kirol oso gogorra da, dedikazio ordu asko dira, beste gauza batzuei uko egin behar diezu, eta disfrutatzen ez baduzu, ez du merezi lan hori guztia egiteak. Orduan helburu nagusia da ahalik eta urte gehien jarraitzea ahal dudan maila altuena ematen, disfrutatzen jarraitzen dudan bitartean.
Lasterketaren bat aipatzearren, Zegama-Aizkorri hor dago. Zegama berezia da, sekulako maila egoten da, eta hori irabaztea uste dut ametsa dela errealitatea baino gehiago, baina zergatik ez amestu?

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
