GARA
BAIONA

Armagabetzearekin lotutako Luhusoko instrukzioa amaitzear da

Sei urte igaro dira Luhuson ETAren armagabetzea blokeo egoeratik ateratzeko xedez jardun ziren bost herritar atzeman zituztenetik. Instrukzioa bukatzear zenean, akusazioaren abokatuari esan diote atzemandako material bati zigilua kenduko diotela.

Luhuson egindako elkarretaratzea, atxilotutako lagunak askatzeko eskatuz.
Luhuson egindako elkarretaratzea, atxilotutako lagunak askatzeko eskatuz. (Bob EDME)

Frantses Poliziak Luhuson burutu zuen operaziotik sei urte bete zirenean, epaileak ikerketa bukatutzat eman zuen azaroa eta abendua artean, prokuradoreari zein defentsari horren berri emanez.

«Atentatuak prestatzeko armak ukaitea» litzateke ikerketaren funtsa. Aldiz, Stephane Etchegarayren abokatuak, Jean-François Blancok, deialdi bat jaso zuen urtarrilaren 31n, 2017an eskaturiko material informatiko bati zigilua kendu eta berriro begiratzeko.

Hortaz, «instrukzioaren heste berri baterantz goaz», baieztatu dio Blancok Mediabask hedabideari. Akusazioaren abokatuak luzaturiko eskaerak luzapen berria ekarriko du, horrenbestez.

Behin ikerketa bukatuta, prokuradoreak hiru hilabete izanen ditu bere auzi-eskabideak aurkezteko, baina epea orientagarria baino ez da, akusatuetako bat ere ez baitago kartzelan. Jean-François Blancok ez du auzirik aurreikusten 2024ra arte.

«Terrorismoaren kontrako» epaiketak hiru aukera izanen ditu. Batetik, bost euskal herritarrak atentatu bat prestatzen ari zirelako akusaziopean, bizi diren hiru ekintzaileak Pariseko auzitegi berezian auzipetu ditzaten galdegitea, «ekintza kriminalengatik». Bigarren aukera litzateke auzitegi korrekzionalean epaitzea. Azkenik, auziaren artxibatzea eskatzea ere gerta liteke. Justuki, hori da hiru herritarren defentsak eskatuko duena.

Izen handiko bost herritar

2016ko abenduaren 16an, Luhuson, Polizia frantsesak eginiko operazioan atzeman zituzten ETAren armagabetzea ez aurrera ez atzera zelarik armak deusezta zitezen jardun zuten herritarrak. Erreferentzialtasun handiko bost pertsona atxilotu zituzten: Jean-Noël “Txetx” Etcheverry, Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etchegaray “Etxe”.

Geroztik garaian atxilotu zituzten kideetako bi hil dira. Mixel Bergouinan 2017an zendu zen, eta Mixel Berhoikoirigoin, berriz, 2021ean.