GARA
BAIONA

Asteburuko hitzorduaren zain, presioa mantendu dute sindikatuek karriketan

Asanblea Nazionalak erretreten erreformari buruzko eztabaida abiatu eta biharamunean, herritarrek karrikak hartu zituzten, hirugarrenez, frantses Estatuan eta Ipar Euskal Herrian. Iragan astearekin alderatuta jende gutxiago bildu bazen ere, Baionan 12.000 lagun izan zirela adierazi zuten larunbateko hitzorduari beha dauden sindikatuek.

Baionan atzo bildu zen jendetza ikusita, sindikatuak baikor dira larunbaterako eginiko deialdiari begira.
Baionan atzo bildu zen jendetza ikusita, sindikatuak baikor dira larunbaterako eginiko deialdiari begira. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Asanblea Nazionalak otsailaren 6an, astelehenarekin, ekin zion erretreten erreforma proiektuaren eztabaidari. Alta, atzo, norgehiagoka berriz ere karrikan kokatu zen. 10.30ean jarria zuten hitzordua intersindikala osatzen duten sindikatuek.

Suprefeturan amaitu ohi dira sindikatuek deituriko ekimen gehienak Baionan. Alta, ohiturari jarraiki Santa Ursulatik abiatu zen mobilizazioak bestelako helmuga izan zuen atzo. Hala, San Leonera heldu eta biribilgunea okupatu zuten manifestariek.

Horrekin, ondoko asteotan protestek izan dezaketen bilakaera irudikatu zuten sindikatuek, Macronen Gobernuari aurre egiteko presioa areagotu beharko dela ohartarazita.

CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuetako ordezkariak zihoazen martxaren buruan. Edonola ere, LABen eta ELB laborarien sindikatuaren presentzia nabarmena izan zen. Hain zuzen, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia bertan izan zen.

Alderdi politikoetako kideak ere ez ziren falta. Han ziren, hala nola EH Bai, Frantzia Intsumisoa, Lutte Ouvriere (Langile Borroka) eta Europa Ekologia-Berdeak-eko kideak. Askotarikoa suertatu zen Baionako erdiguneko karriken gaindi igaro zen martxa.

Turbomeca, Safran, Enedis, Dassault eta Castoramako langileak, besteak beste, laneko txalekoekin hurbildu ziren. Suhiltzaileak, zamaketariak, trenbideetako langileak eta AESHkoak (ezgaitasun egoeran diren ikasleen laguntzaileak) ere nabarmendu ziren manifestarien artean.

Banderolak, ikurrak eta norberak eginiko afixa ugari ikusi zen elkarretaratzean. Ibilbidean zehar LAB sindikatuak ekintza bat egin zuen Baionako Herriko Etxeko balkoian banderola bat zintzilikatuz: 64ra heltzea debekatzen duen seinale bat irudikatu zuten, Elisabeth Borne lehen ministroak izenpeturiko lege ekimenak erretiro adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzeko asmoa salatzeko.

12.000 manifestari

Urtarrilaren 31ko manifestazioan ez bezala, eskola-oporren karietara irakasleen eta bigarren hezkuntzako ikasleen hutsunea sumatu zen. Halarik ere, jendetza bildu zen Baionan. Antolatzaileen arabera, 12.000 lagun mobilizatu ziren Lapurdiko hiriburuan. Poliziak 7.000 izan zirela zabaldu zuen.

Urtarrilaren 31n 17.000 pertsona atera ziren karriketara Baionan. Bi aste lehenago, urtarrilaren 19an, berriz, 11.000tik gora izan ziren. Atzo, 12.000 herritar batu ziren, mugimendua indartsu dagoen seinale.

Heldu den larunbaterako beste deialdi bat iragarria dute sindikatuek. Anartean, beste ekintza batzuk ere antolatu dira. Hala, LABek Hendaiako tren geltokitik 11.00etan abiaturik Irunerainoko martxa antolatu du gaurko, bi estatuetako erreformak salatzeko eta babes sozialerako ereduari buruzko erabakiak Euskal Herrian har daitezela galdegiteko. Bestalde, CGTren tokiko taldeak eztabaida publikoa antolatu du: bihar, 18.00etan, Hendaian.

Egitasmoaren eztabaida

Frantziar Asanblea Nazionalean bero hasi zen erreformari buruzko eztabaida. 20.000 zuzenketa aurkeztu dituzte talde politikoek, Estatu Kontseiluak berak kritikatu duen erreformari aurre egiteko. Aitzinetik, Nupes zein Rassemblement National alderdiek erreforma erreferendum bidez bozkatua izatea eskatu zuten. Azkenean, eskuin muturraren proposamena soilik bozkatu zen. Testua errefusatu ondoren, 15 egun iraungo duen eztabaida hasi zen ofizialki.