Maite UBIRIA
IRUN

Hendaia eta Irun arteko martxa, pentsioen euskal sistemaren alde

Hendaiako tren geltokia eta Irungo Ficoba erakustazoka lotu zituen LABek antolaturiko martxak. Pentsioak murrizteko bi Estatuek bultzaturiko erreformei aurre eginez, Euskal Herrian pentsio sistema propioa eraikitzeko engaiamendua galdegin zuen sindikatuak.

LAB sindikatuak mugaren gainetik eginiko martxa.
LAB sindikatuak mugaren gainetik eginiko martxa. (Guillaume FAUVEAU)

«Euskal Herrian lan egin, kotizatu, erabaki» lemapean, 200 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, atzo, Hendaia eta Irun artean LAB sindikatuak antolaturiko mobilizazioan.

Goizeko 11.00k jota abiatu zen martxa Hendaiako tren geltokitik, «Hemen kotizatu, hemen erabaki», «Soldata duinak, pentsio duinak» eta halakoak oihukatuz Santiago zubirako norabidea hartuta. Lapurdi eta Gipuzkoa bereizten dituen mugarrian adierazpenak egin zituzten Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusiak eta Argitxu Dufauk Ipar Euskal Herriko LABeko bozeramaileak.

Bidasotik iparraldera azken asteotan suspertu den erretreten erreformaren aurkako mugimendua izan zuen hizpide Dufauk. Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko bozeramaileak esan zuenez, erretiro adina bi urtez gibelatzea aurreikusten duen egitasmoak sistema publikoa ahultzen du kapitala indartzeko eta erreformak bereziki emazteak kaltetuko ditu. Baionako karrikak astindu dituzten mobilizazioetan LABek defendatu duen aldarrikapen nagusiarekin bat eginez, oinarrizko pentsioa gutxieneko soldataren araberakoa izatea eskatu zuten manifestariek martxan afixen bidez. Horrekin batera, sindikatuak 60 urterekin erretiratzeko aukera izatea defendatzen du, baita 37,5 urteko kotizazioarekin pentsio osoa kobratzeko eskubidea ere. Hego Euskal Herrian indarrean diren aldarrikapenak oroitaraziz, beste hainbat manifestarik 1.260 euroko oinarrizko pentsioa eta 1.400eko gutxieneko soldata eskatzeko mezuak erakutsi zituzten, mugaz gaindi borroka dinamikak lotzeko balio izan zuen mobilizazioan.

«Ekonomia blokeatu»

Amaieran Irungo Ficoban eginiko ekitaldian ohar esanguratsua egin zuen Argitxu Dufauk. «Badakigu manifestazio horiek ez direla nahikoa eta ekonomia blokeatu beharko dela erreforma hori gelditzeko», adierazi zuen; ondoko asteetan erretreten erreformaren aurkako mugimenduak har dezakeen norabide berria iragarri zuen horrela. Dagoeneko erregaien findegietan zein unibertsitateetan hainbat blokeo ekimen martxan ezarri dituzte aste honetan frantses Estatuan.

LABeko koordinatzaile nagusiak goraipatu egin zuen Hego zein Ipar Euskal Herrian erretreten defentsan abian den mobilizazio dinamika.

Edonola ere, sindikatu abertzaleak pentsioen etorkizuna bermatzeko bi hautu egiten dituela argitu zuen Arroyok.

Alde batetik, murrizketen aurrean mobilizatzen jarraitzeko deia berretsi zuen. Izan ere, «bi estatuek guraizeak erabiltzeko prest direla jakin badakigunez», Euskal Herrian pertsonak babestuko dituen eredu propioa eraikitzeko engaiamendua eskatu zien bertako instituzioei, «urratsez urrats euskal gizarte segurantza eratzeko ibilbidea eginez».