GARA
IRUÑEA

Aterpe militarra dagoen lurzorua itzuli beharko diote Erronkariri

Madrilgo Auzitegi Nagusiak agindu du espainiar Defentsa Ministerioak «egoera naturalean» itzuli beharko duela Erronkaribarrak 1980an utzitako Belaguako mendateko lurzorua. Hortaz, abandonatutako aterpe militarra eraitsi beharko luke Gobernu espainolak.

Aterpea eraitsi beharko du Madrilek.
Aterpea eraitsi beharko du Madrilek. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak urtarrilaren 20an ebatzi zuenez, espainiar Defentsa Ministerioak «egoera naturalean» itzuli beharko du Erronkaribarreko Batzarrak 1980an Belaguako mendatean utzi zion lurzorua.

Horren harira, EH Bilduk hainbat galdera erregistratu ditu espainiar Gobernuari zuzenduta, Margarita Robles buru duen ministerioak hemendik aurrera eman nahi dituen pausoak ezagutzeko asmoz.

Espainiar Armadak Yeguaceros inguruan eraikitako General Garrido babesleku militarra hondatuta dago, eta edozein unetan erortzeko arriskua ere badu. Erronkaribarreko erakundeen eta talde ekologista eta mendizaleen iritziaren aurka eraiki zen babeslekua.

Aterpe hori Belaguako lautadatik Larrarantz igotzen den errepidearen ertzean dago, haran entzutetsu hau guztia menderatzen duen leku batean. Izabako Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Armadari kuartel hori desegin dezala, erortzeko arriskua saihesteko, eta ingurua zegoen bezala utz dezala.

EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak atzo gogorarazi zuen Defentsa ministerioa lurzorua itzultzera behartzen duen bigarren epaia dela honakoa, baina «orain arte ministerioak atzerapenak kateatu dituela, borondate faltagatik epai judizialak betetzeari uko eginda». Hori dela-eta, Pozuetak «ministerioak zein kronograma jarraituko duen» galdetu du, «babeslekua egoera egokian itzultzeko».

Aterpea eraitsi

Bide beretik, Pozuetak espainiar Gobernuari eskatu zion argitzeko «zer lan egingo dituen lurzoruak egoera ezin hobean, deskontaminatuta eta gasolio-biltegietako eta hobi septikoetako hondakinik gabe daudela egiaztatzeko». Izan ere, 1980an jaso zuen moduan itzuli behar duenez, abandonatuta dagoen eta bailara osotik ikusten den General Garrido aterpe militarra eraitsi beharko luke espainiar Gobernuak.

Azkenik, obren hasiera eta amaiera data zehatzei buruz ere galdetu zuen Pozuetak. «Inplikatutako erakundeek hainbat aldiz adierazi duten bezala, eraikinak eraistea erabakiz gero, zein momentutan ekingo diete eraispen lanetan hasteko tramiteei?», zehaztu zuen diputatu nafarrak.