Iraitz MATEO
DONOSTIA
TORTURARI BURUZKO TXOSTEN OFIZIALAK

Torturaren erreparaziorako «ekimen irmoak» aldarrikatu dituzte

Euskal Herrian 5.379 tortura kasu baieztatu dituzte datu ofizialek, Nafarroan egindako azken ikerketa txosteneko datuak batuta. Torturatuek instituzioei torturaren errealitatea argira ateratzeko eta aitortzan zein erreparazioan sakontzeko «konpromiso eta ekimen irmoak» eskatu dizkiete. Otsailaren 13tik aurrera “Karpeta urdinak” dokumentala ikusgai izango da herri askotan.

Torturatuen erreparazioa eta aitortza galdegiteko eginiko agerraldia, Donostian.
Torturatuen erreparazioa eta aitortza galdegiteko eginiko agerraldia, Donostian. (Andoni Canellada | FOKU)

Karpeta urdin bana eskuetan zutela elkartu ziren atzo laurehundik gora euskal herritar Donostian, Intxaurrondon. Denek torturaren bat jasan izan dute noizbait, eta datu ofizialak hartuz 5.379 tortura kasu eman dira Hego Euskal Herrian 1960tik gaurdaino. Zenbaki horiek Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafar Gobernuari zein Lakuari emandako txostenetan ageri dira, baina azaldu zuten, txosten horiek zigilu ofiziala izan arren, torturatuen aitortzarako eta erreparaziorako bidean oraindik «hutsune nabariak» dituela; eta, beraz, konpromisoa eskatu zuten, baita ekintza irmoak ere. Gizartean torturaren gaia ikusaraztea dute xede, baina instituzioetan arreta jarri zuten batez ere, beharrezko urratsak egin ditzaten.

Torturatuen izenean Ixone Fernandezek eta Patxi Arratibelek hitza hartu zuten, atzean zeuden euskal herritar guztiek torturari ahotsa ez ezik aurpegia ere jartzen zioten artean.

Duela aste batzuk aurkeztu zion Paco Etxeberriak gidaturiko Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruko txostena Nafarroako Gobernuari. Txosten horren arabera 1.068 tortura kasu izan ziren Nafarroan 1960tik 2015era bitarte. 2017an Lakuako Gobernuari aurkezturiko txostenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.113 tortura kasu argira atera zituen institutuak, eta 2021ean 198 kasu gehiago gehitu zituzten. Ondorioz, orotara, 4.311 tortura kasu baieztatu zituzten. Bi ikerketetako zenbakien baturak tinko erakusten du errealitatea: 1960tik gaur arte Hego Euskal Herrian 5.379 tortura kasu izan ziren.

Zifrak baino gehiago

Agerraldian nabarmendu zuten zifra horiek esanahi argi bat dutela: «Euskal Herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu dutela adierazten dute». Gaineratu zuten zifra «oso handia» dela Euskal Herriaren tamaina eta populazioa duen herri baterako. Eta urteetan zehar ezagutzen ez diren ondorioak espainiar Estatuak ezkutatu nahi izan dituela salatu zuten. «Inpunitate osoz» aurrera eramandako praktika gisa definitu zuten tortura eta, polizien, politikarien, mediku forentseen, epaileen eta hedabideen kolaboraziorekin egindakoa izan zela gogoratu zuten. Torturak «inpunitatez aritutako erantzule ugari» ere izan dituela adierazi zuten, eta oraindik isiltasun gehiegi dagoela. Erantzuleak interpelatzearekin batera gaineratu zuten espainiar Estatuak Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza erabili dituela Euskal Herrian militante politikoak torturatzeko.

Zenbakiak lehen lerrora ekarri arren, tortura «zenbakiez harago» doan errealitatea dela aitortu zuten Fernandezek eta Arratibelek. Kopuruek esangura handia dute, baina beraien ustez kopuruek islatzen duten «zauria sakonagoa da», eta «ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak» ez direla oraindik osotasunean ezagutzen adierazi zuten.

Hutsuneak aitortzan

Nafarroako eta Lakuako gobernuei emandako txostenek «zigilu ofiziala» dutela esan zuten, baina hala ere torturatuen aitortza eta erreparaziorako bideak oraindik «hutsune mingarriak» dituela esan zuten. Bide hori egoki gauzatu zedin, bidean topaturiko bi oztopo nabarmendu zituzten atzo egindako agerraldian, tortura argitara ekartzeak etengabeko oztopoak eta isilarazpenak dituela jakitun. Batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txostena garatu ez izana aipatu zuten, «kaxoi baten barruan utzi» zela adierazi zuten, 2021ean argitaratutako ikerketei esker zifra eta kasu berriak antzeman baziren ere. Eta bigarrena, Nafarroan 1979-2015 epeari zegokion txostena hainbat urtez atzeratu izana, azaldu zutenez, publiko egiteko egondako oztopoengatik batez ere.

Eskakizun zehatz batekin amaitu zuten agerraldia: torturaren errealitatea argira atera eta torturatuen aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalean sakontzeko «konpromiso eta ekimen irmoak» burutu ditzatela instituzioek. Berriro ez errepikatzeko bermeak ezartzeko mekanismoak garatzea ere eskatu zuten, «torturak gure herrian izan duen dimentsio osoa ezagutu ahal izateko». Horregatik, instituzioei zuzendu zitzaizkien: «Kriminologiaren Euskal Institutuak ofizialki argira ateratako tortura kasuak aintzat hartzeko deialdia egiten diegu Nafarroa Garaiko eta EAEko Gobernu eta arduradun instituzionalei».

Lanean jarraitzeko premiaz

Ikerketa, txosten eta datu ofizialetan aurrera urratsak egin badira ere, bide horretan sakontzen jarraitzea garrantzitsua dela esan zuten. Azaldu zuten adituek Nafarroan egindako txostenak islatu bezala, ikerketarekin jarraitzea gomendatzen dutela, eta aitortu zuten badakitela tortura kasu berriak agerian utziko dituela ikerketarekin segitzeak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txostena jarri zuten adibidetzat, eta gogorarazi zuten nola azken urteetan ikerketarekin jarraitzeak kasu berriak atzematea ekarri duen. Hain zuzen ere, 198 kasu.

“Karpeta urdinak”

Egitasmo berri bat ere ezagutarazi zuten, eskuan bakoitzak karpeta urdin bat zuela. Paco Etxeberriaren taldeak, tortura kasuak aztertzeko, biktima bakoitzari karpeta urdin bat esleitzen zion, eta horri tiraka egin zuen Ander Iriartek “Karpeta urdinak” dokumentala. Lan zinematografiko horretan, Kriminologiaren Euskal Institutuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako torturari buruzko ikerketaren emaitzak azaltzen dira.

Otsailaren 13tik aurrera, Torturaren nazioarteko egunetik aurrera alegia, dokumentala proiektatuko dute Euskal Herriko hainbat txokotan, torturaren inguruko errealitatea ezagutarazteko eta zabaltzeko.

Karpeta urdinak, tortura argitara ekartzeko

Joan den urteko Donostiako Zinemaldian Ander Iriarte zinegileak aurkezturiko “Karpeta urdinak” dokumentala da otsailaren 13tik aurrera martxan jarriko duten dinamikaren oinarria. Hain justu, Euskal Herriko torturaren errealitateari buruz luze landutako proiektu bat gauzatzen da dokumentalean, marka fisikorik uzten ez duen eta, ondorioz, ofizialki ikusezin bihurtzen den torturaz eta horren eraginaz hitz egiten da. Kasu batzuetan torturatutako herritarrak ere marka horiez ohartzen ez direla.

Galdera pertsonal bat du dokumentaleko zuzendariak abiapuntutzat, eta ideia horri jarraiki garatzen du filma: bere aita, Joxe Iriarte “Bikila”, torturatua izan al zen, biktima gisa aitortu ez bazuten ere, beste hainbat euskaldunekin gertatu bezala?

Paco Etxeberriak aurkeztu zuen, bere ikerketa taldearekin batera, torturen inguruko lehen ikerketetako bat Lakuako Gobernuan 2017an. 2021ean, ikerketan sakonduz kasu gehiago antzeman zituen eta beste txosten bat aurkeztu zuen. Txosten guztiak osatzeko bost mila karpeta urdin baino gehiago jaso zituen, bakoitza bere izen-abizenekin.

Bide bat irudikatzen du dokumentalak torturatu bakoitzaren karpeta urdinaren bidez, eta adituen zein torturatuen testigantzak jasotzen ditu. Tortura psikologikoan arakatzen du batik bat, eta «ikusezinak» ziren markak eta minak azalera ekartzen ditu. Tortura mota hau sufritu zutenek lehen pertsonan kontatzen dute beren esperientzia. Jasandako tortura psikologikoak urteetan zehar zergatik egon diren ezkutuan, eta zergatik torturatuek beraiek ere garrantzi gutxiago eman dioten hausnartzen dute protagonistetako batzuek. Horrela, atzoko agerraldian azaldu bezala, torturaren gaia argitara ekartzeko helburua du.

www.karpetaurdinak.eus webgunean aurki daiteke film honen inguruko informazio gehiago, eta baita hurrengo emanaldien datak ere. Datorren astean: Zizurkilen, Hendaian, Urruñan, Getarian, Baionan eta Leitzan.