Jon ORMAZABAL
PILOTA

Euren izaera berreskuratuta, mehatxu izatera pasatu dira Ezkurdia-Martija

Hasiera orekatu samar baten ostean, aukerarik txikiena ere ez zieten eman Jaka eta Arangureni, eta hauei txapelketan aurrera egiteko aukera apurrak Altsasun ahitu zitzaizkien. Urrutikoetxeak eta Imazek zail izango dute hurrengo jardunaldian jokatzea.

Joseba Ezkurdia erabat nagusitu zitzaion Jakari Altsasun, eta berak jarri zuen erritmoa.
Joseba Ezkurdia erabat nagusitu zitzaion Jakari Altsasun, eta berak jarri zuen erritmoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kontuek oraindik zail jarraitzen dute haientzat, bereziki sailkapenean hurbilen dituzten Peio Etxeberria-Rezusta eta Peña-Mariezkurrenaren aurkako tanto aldea kontra dutelako -Baikokoen aurka datorren asteartean Tolosan jokatzekoak dira, eta lehen itzulian 22-12 galdu zuten-, baina aste luzetan faltan bota izan duten sendotasuna eta lehiakortasuna berreskuratuta, Joseba Ezkurdia eta Julen Martija mehatxu eta arrisku izatera igaro dira, eta ez bakarrik lehen aipatutako bi bikote horientzat, baita play offean eta txapelketan aurrerago aurkari izan ditzaketen guztientzat ere. Jaka-Aranguren, aldiz, txanponaren beste aldean daude, 22-6 galduta, bizirik jarraitzeko aukera apurrak Altsasuko Burunda pilotalekuan utzi baitzituzten. Atzo arte partida askotan joko baino puntu gutxiago batu bazituzten, Sakanan ez zuten orain arteko grinarik erakutsi eta nahi baino lan gutxiago eman zioten etxean aritu zen bikoteari.

Orain arte bezala, Burunda pilotalekuak kutuna izaten jarraituko du Joseba Ezkurdiarentzat -partida handiak jokatu izan ditu bertan- eta Jakarentzat -porrotak eta lesioak ere bildu ditu han- ez du oroimen oso onik lagako, bi aurrelariak partidaren bi aurpegiak izan baitziren.

Ezbairik gabe, arbizuarra izan zen eguneko protagonista nagusia, hasiera-hasieratik bere bolearekin pilotari abiadura sartuz, bera izan baitzen norgehiagokan erritmoa jarri zuena. Agian, erabat eraginkorra izateko, tantoak amaitzean ezker gantxoa oraindik gehiago fintzea falta du -huraxe izaten da bere sasoia neurtzeko termometrorik fidagarriena-, baina partida goitik behera apurtzeko gai izan zen behintzat atzokoan.

JAKA, EZINEAN

Bitartean, Erik Jakak sentsazio txarrak izan omen zituen partida hasieratik, gorputzaldi onik gabe, trakets samar ibili zen kantxan. Eta gauzak errazegi jarri izanaren penarekin joan zen etxera. Ziur ez dela ez saiatzeagatik izango, baina lizartzarra Buruz Buruko txapela lortu zueneko sasoia berreskuratu ezinik dabil, Baikora aldatu zenetik.

Atzean ere, Julen Martija behetik gora doanaren sentsazioa gero eta nabarmenagoa den bitartean, Aitor Arangurenek ere ezin izan zion txapelketako lehen jardunaldietako maila bikainari eutsi. Ez zuen aginagarrak partida gaizki hasi; bosnako berdinketara arte orekatua joan zen lehia, baina hortik aurrera, etsiak jota edo, amore eman zuen eta, pilota batzuk galtzeaz aparte, Julen Martija erabat nagusitu zitzaion azkenean.

Binakako honetan gertatu zaionaren antzera, Etxeberriko atzelariak zalantza batzuekin hasi zuen Altsasuko partida erabakigarria; baina, bere aurrelariaren lan bikainean sostengaturik, baretu eta gora egin zuen nabarmen. Pilotarik ez galtzeaz gain, lautik eta izan zituen pilotak bikain gozatu zituen atzo atzelari nafarrak, eta horiexek izaten dira normalean bere jarduna aztertzeko parametroak.

Baldintza hauetan, partidak apenas izan zuen orekarik, hasiera berdindu samar baten ondoren, bosnako berdinketatik aurrera bikote bakarra egon zen kantxan. Garaipen honek, eta lortutako moduak batez ere, itxaropenaren gordailua goraino bete die 2020ko txapeldunei, eta zalantzena bete, aurretik dituztenei. Kontuan izanda bikote batzuek nola behera egin duten, eta Urrutikoetxeak edo Imazek oso zaila izango dutela hurrengo asteburuan jokatzea -Lasok, antza, ez du ezer larririk-, zalantzak eta kezkak asko ugaritu zaizkie orain arte lasai antzean zeudenei.