Martxelo DÍAZ
IRUÑEA

«Herri honen eraberritzea bultzatzea» du helburu EH Bilduk hauteskundetan

Arnaldo Otegi, EH Bilduren hautagaiekin.
Arnaldo Otegi, EH Bilduren hautagaiekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Hauteskundeak aukera bat dira guretzat. Ez dugu eztabaida antzuetan erori nahi. Aukera hori gure herriaren arazoez eta konponbideez aritzeko nahi dugu. Gure ustez, herri honek eraberritze eta birgaitze sakon bat behar du. Arlo ekonomikoan, arlo kulturalean, arlo politikoan, baloreetan», nabarmendu zuen atzo Iruñean Arnaldo Otegik, EH Bilduren hautagai nagusiekin egindako bileraren ondoren izandako agerraldian.

«Herri honek ilusioa berreskuratu behar duela» gaineratu zuen Otegik, erantsiz EH Bildurentzat helburua jendearentzat alternatiba hobeak eraikitzea dela. «Herri honetan aukera aprobetxatu behar da, oinarri sendoetatik abiatu eta ditugun erronka guztiei aurre egiteko», esan zuen, azpimarratuz jendeak «segurtasuna» behar duela. Eskubide gehiago, beldur gutxiago eta justizian bizitzea ezinbestekotzat jo zituen.

«Gauzak egin ditugu»

EH Bilduren eta beste indarren artean desberdintasunetako bat, Otegiren arabera, «guk gauzak egin ditugula da». «Gauzak egingo genituela hitza eman genuen eta egin ditugu. EH Bilduk akordioak lortzen dituenean jendearen mesederako da. Jendearentzat hobekuntzak dira, ez bakarrik EH Bildu bozkatzen dutenentzat, jendearen gehiengoarentzat baizik», esan zuen, pentsioen igoera eredu bezala jarriz.

Nafarroako Gobernua sostengatzeko akordioak horretan kokatu zituen ere Otegik. Balantzea gazi-gozoa izan daitekela onartu bazuen ere, erabaki ona izan zela nabarmendu zuen, jendearentzat onurak eskuratzea eta eskuina berriz erakundeetatik kanpo uztea lortu dutelako.