Osasungintzaren kezka dago arazo ekonomikoek sorturiko egonezaren gainetik EAEn

Lakuako Gobernuak atzo argitaratu zuen Soziometroak dioenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrentzat kezkagarriagoa da osasun sistema publikoaren egoera, arazo ekonomikoak baino. Dena den, lan merkatuarekin lotutako arazoak dira berriz kezka nagusia, biztanleen %59k aipatu baititu hiru arazo nagusien artean. Osasungintza da gehien aipatu den bigarren arazoa (%35), eta arazo ekonomikoak, hirugarrena (%28).
Jarraian datoz etxebizitza eta etxegabetzeak (%14), «delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza» (%14) eta egoera politikoa eta politikariak (%12). Edonola ere, oro har, herritarrak baikorrak dira hiru herrialde hauen etorkizunarekiko (%72, oso edo nahiko baikor); 2016an eta 2022an erregistratutako ehunekoaren antzekoa da hori.
Egoera pertsonal ona
Urtarrilaren 31tik otsailaren 6ra bitartean telefonoz egindako elkarrizketen bidez jasotako informazioaren arabera, biztanleriak 10etik 6,9 puntu eman dizkio gaurko bere egoera pertsonalari eta zazpi urtebete barru izango duela uste duenari. EAEren egungo egoeraren balorazioa sei puntukoa izan da, eta urtebete barruko balorazioak puntuazio bera jaso du.
Estatu espainolaren egoerari dagokionez, egoeraren balorazioa 4,8 puntukoa da, eta aurreikuspena ez da positiboa, urtebete barru espero den egoerari buruzko balorazioa apur bat okerragoa baita, 4,7 puntukoa.
Unibertsitatean konfiantza
Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrei konfiantza gehien duten erakundea unibertsitatea da (herritarren %85ek agertu dute konfiantza), eta haren atzetik daude Lakua (%78), diputazioak (%74), Gasteizko Parlamentua (%72) eta udalak (%72). Halaber, gehienek konfiantza dute GKEetan (%60), Europar Batasunean (%56) eta enpresetan (%55), eta zertxobait gutxiagok sindikatuetan (%45) eta justizia auzitegietan (%45).
Hamarretik lauk baino gutxiagok dute konfiantza Gobernu espainolean (%37), hedabideetan (%31), Eliza katolikoan (%27), Diputatuen Kongresuan (%27), bankuetan (%20), alderdi politikoetan (%20) eta, azkenik, Espainiako monarkian (%18).

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
