GARA
IRUÑEA

Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena Nafarroan

Ana Ollo eta Oskar Zapata, atzo, Iruñean.
Ana Ollo eta Oskar Zapata, atzo, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Oskar Zapata Togubeko zuzendariak departamenduaren eta erakundearen arteko lankidetza-hitzarmenean jasotako lan ildo nagusiak aurkeztu zituzten, Nafarroan euskaren erabilera soziala indartzeko, bereziki gazteen artean.

Hitzarmenak 145.000 euroko aurrekontua izango du, eta “Euskarak 365 egun” programa garatzea ahalbidetuko du. Egitasmo horren proiektu nagusietako bat Erdialdeko eta Erriberako gazteen arteko harreman-sare aktibo nat eraikitzeko lehen urratsak ematea da.

Ollok 2018tik urtero berritu den hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: «Azpimarratu nahi dut erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean, lan osagarriak egiten ditugula, eta erakunde publikooi gizarte ekimenetik datozen proposamenak aintzat hartu, osatu eta zabaltzea dagokigula. Horretan aritu gara azken urteetan; uste dugu, lankidetza honek fruituak eman dituela, ekintza zehatzetan ikus daitekeena. Baina, batez ere, uste dugu lan egiteko modua proposatzen duela eta horri jarraikiz bide emankorra izanen dela».

Zapataren iritziz, «pozgarria da hitzarmena sinatzeko berriro ere elkartzea. Lagungarria da oso, tamaina honetako egitasmoak planifikatzeko eta gauzatzeko marko egonkor bat edukitzea. Euskarabidearekin eta Nafarroako Gobernuarekin eskertuta gaude, Topagunearekin elkarlanean aritzeko izan duzuen jarrerarengatik. Sei urteko ibilbidea du ‘Euskarak 365 egun’ hitzarmen honek, eta beste hamaika bete ditzala espero dugu».