Amaia EREÑAGA
BILBO
«IRATI» FILMA ZINEMA ARETOETARA IRITSI DA

Ezpaten eta sorginkeriaren epikotasuna Irati oihanean bizi da

Sorgin jakintsuak, tartalo beldurgarriak, ezpata-borrokak, zaldi gaineko ihesaldiak, arnasarik gabe uzten zaituzten Pirinioetako paisaia ikusgarriak... eta amodiozko istorio bat. Osagai ugari ditu, baina, batez ere, maitasuna dago «Irati» filmean: maitasuna gure kulturari, naturari eta zinemaren ofizioari. Gaurtik aurrera, «Irati», 112 zinema aretotan ikusgai.

Ezker-eskuin, Justo Ezenarro (Fant-eko zuzendaria), Edurne Azkarate, Paul Urkijo, Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño.
Ezker-eskuin, Justo Ezenarro (Fant-eko zuzendaria), Edurne Azkarate, Paul Urkijo, Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ia bost hilabete itxaron behar izan dugu “Irati” filma zinema areto komertzialetan ikusi ahal izateko. Iazko urrian Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdian estreinatu zenetik, soilik jaialdi batzuetan -Sitgesen bertan eta Donostiako Beldurrezko Jaialdian ikusleen saria jaso zuen, besteak beste- eta ekitaldi berezietan erakutsi da; esaterako, Durangoko Azokan. Gaur, azkenean, zinema areto komertzialetara iritsiko da.

Eta, istorio on guztiekin gertatzen den bezala, itxaronaldiak merezi izan du. Film fantastiko eta epiko onenen osagaiez jantzi baitu Paul Urkijok bere bigarren film luzea eta, zalantzarik gabe, bere lanik anbiziotsuena dena. Asteburuan Estatu espainiarreko 112 aretotan estreinatuko da, zinemagile arabarrak Bilbon atzo baieztatu zuenez. «Guk ez dugu aukeratzen nola emango den, hori aretoen esku gelditzen da, baina ezuste atsegina hartu dugu ia gehienetan bertsio originalean, euskaraz, egongo delako, azpitituluekin. Gehienek bertsio originalean ikusiko dute eta hori poztasunez hartu dugu, pelikula horrela ikusi behar delako, gure ustez», esan zuen.

Udalak antolatzen duen Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren “aperitibo” gisa eskaini zen aurrestreinaldia atzo arratsaldean, Alondegian. Fant maiatzaren 5etik 13ra egingo da eta zinemagile arabarrak gertutik ezagutzen du jaialdia, hor aurkeztu zuelako “Errementari” ere, bere opera prima, eta aurretik egin dituen film laburrak. 2018an, Fantropia saria eman zioten; alegia, zinema fantastikoaren barruan gorabidean dagoen pertsona bat saritzen duen saria.

Euskara hutsean filmatuta, XVII. mendean hitz egiten omen zen euskara eder eta kantarian, hasieratik bukaerara gure mitologiaren mundu magikoan murgiltzen gaitu. Hor daude, proiektu honen sustraietan, egileak berak aitortu zuenez, Joxemiel Barandiaranek bildutako mitoak, hor Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren komikiak (“Irati zikloa”), hor ere Sutagar taldearen “Mari” kanta.

Amets bat, kate bat

«Film honekin amets bat bete dut -aitortu zuen zinemagileak-, txiki-txikitatik euskal mitologiarekin eta fantasiarekin izan ditudan amets horiek betetzea lortu dudalako. Pelikula altxatzea zaila izan da, baina filmatzera joan nintzenean ez nuen sinistu ere egiten: ‘Benetan egingo dut hau? Pelikula bat euskaraz, euskal mitologiari buruz, ezpata eta sorginkeria film bat?’ Harrituta eta oso eskertuta nago. Nik istorio honekin herriak eman zidan zerbait herriari itzuli nahi nion. Kate bateko kate-maila bat baino ez naizelako, eta nahi dudana da guzti hau babesten jarraitu ahal izatea: hizkuntza, natura edo kultura zaintzeaz ari naiz, eta hori maitasunaren bidez soilik egin daiteke», aipatu zuen.

Istorioak VIII. mendean kokatzen gaitu. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibar-jaunak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati, Mariri (Itziar Ituño).

Odolezko itun baten bitartez etsaia Orreagako guduan garaitzen du, trukean bizitza emanda, baina aurretik, Eneko (Eneko Sagardoy) semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian. Semea, Eneko Aritza edo Arista bihurtuko dena, Nafarroako errege-erreginen dinastiako lehen izen ezaguna da. Urte batzuk beranduago, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du aita eta ondarea berreskuratzeko, eta Irati (Edurne Azkarate) emakume enigmatiko baten laguntza eskuratuko du.

Batez ere Aralarren, Pirinioetan, Oñatiko Arrikurutz eta Enkarterriko Pozalaguako leizeetan filmatutako irudi ikusgarrietan natura oso modu «organikoan» dago txertatuta eta erakutsita. Pantaila handian ikustea gomendagarria da oso. Irribarre batekin, zinemagileak David Lean britaniarraren “Lawrence of Arabia” (1962) aipatu zuen... eta aitortu behar da zenbait eszenak -gailurren ikuspegi panoramikoak, esaterako- gogora ekartzen duela klasikoen epikotasun hori. Iratiko naturan bertan grabatu baita filmaren zati handiena, %80, Urkijoren esanetan, urtaroko kolore naturalekin, bere edertasunarekin, bere tristurarekin... bere gogortasunarekin, ez baita erraza toki horietara zinemak behar duen muntaketa guztia eramatea.

Bat, korrikan; bestea zaldi gainean

Euskal aktore ezagun ugari agertzen dira filmean -Ramon Agirre, Nagore Aranburu, Patxi Biskert...-, baita cameoren bat -Karlos Argiñano sukaldaria- eta aurkikuntza berri batzuk ere. Esaterako, Edurne Azkarate, emakume adoretsu eta misteriotsua pantailan: «Amets bat betetzea izan da niretzat, pelikula bat egitea zaila delako gure ogibidean; eta egitea bera sari bat da niretzat». Pertsonaia “fisikoa” da Irati: «Bai, ni beti korrikan; Eneko, zaldi gainean», bota zuen umorez.

Eneko Sagardoy Eneko Aritza pertsonaia historiko-mitologikoaren azalean sartu da. Baita Eneko Aritzaren gorputz sendoan ere: «Oso dibertigarria izan da filma egitea eta, era berean, ohartzen naiz zerbait historikoa egiten ari garela gure zinemarentzat. Zaldian ibiltzeko aukera eman dit, gainera, ezpatarekin borrokatzekoa, eta baita nire gorputza muskulatua ikusteko aukera ere [10 kilo irabazi zituen pertsonaia egiteko], nahiz eta egun muskulu horietatik ez den askorik gelditzen».

Itziar Ituño Mari da; Mari beldurgarri bat, erabat fantastikoa, magikoa. Lau egun baino ez zituen eman filmaketan, baina Marik pisu handia du istorioan. «Horren herri txikia izanda, horrelako istorio bat etorkizunerako uztea sekulakoa da -aipatu zuen Basauriko aktoreak-. Zaila izan da proiektu hau aurrera ateratzea. Amerikarrentzat erraza izango da, baina horrelako herri txikian, ia esfortzu poetikoa dela esango nuke».