GARA

Demokrazia eta burujabetza aldarrikatuko ditu EH Bilduk Aberri Egunean

Unai Urruzuno eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileek apirilaren 9an Iruñean ospatuko den Aberri Egunerako egitaraua aurkeztu zuten atzo, eta Euskal Herriko ezkertiar, independentista, euskaltzale eta feminista guztiei gonbidapena egin zieten.

Iaz duela 500 urte Amaiurren gertatutakoa gogoratu zuen EH Bilduk Aberri Egunean, «oraindik ere bizirik dagoen herria badagoela» aldarrikatzeko. Aurtengoan, ‘Maite dugun herria’ lelopean, demokrazia eta burujabetzaren ikurrak astindu nahi ditu koalizio subiranistak.

Urruzunok aitortu zuen ez direla «garairik onenak» beste bi estatuen mende dagoen gurea bezalako herri batentzat. Gainera, krisi anizkoitzen agertokian bizi garela gogoratu zuen, eta agertoki globala horren aurrean «ezinbestekotzat» jo zuen «herri honen erabaki ahalmena erdigunean jartzea eta, amesten dugun euskal errepublika erdietsi bitartean, herri honen burujabetza politiko eta materialaren aldeko borrokak ezartzea».

Bidea «oztopoz beteta» dagoela adierazi zuen baina, era berean, Euskal Herriak «historikoki gauza handiak» egin dituela nabarmendu zuen, eta adibide batzuk zerrendatu zituen horrekin lotuta: «kultura arloan, euskara arloan, ekologian, herri honen ehun produktiboaren inguruan...».

Komunitatearen indarra

«Frustrazioari aurre egiteko gai den eta herri hau maite duen komunitate bat dugu», esan zuen. «Horren isla izan dadila nahi dugu aurtengo Aberri Eguna, konpromiso eta anbizio kolektiboaren erakusleihoa. Amesten dugun Euskal Errepublikarekin anbizioa erakutsiko duena».

Horrenbestez, «borroka, aldarrikapena eta festa» uztartuko dituen Aberri Eguna Iruñean antolatuko du EH Bilduk apirilaren 9rako. Aberri egun «jendetsua, indartsua eta alaitsua» egin nahi du koalizio subiranistak. Golem zinemetatik abiatuko da manifestazioa, eta ondoren «jai erraldoia» bilakatuko da Nafarroako hiriburua.