Manex ALTUNA

Urteak igaro ahala, sekula baino luzeagoa da Iribarren itzala

Athleticen mitoa, garai bateko Euskal Herriaren ikur nagusienetako bat izan da bizitzaren alor guztietan erakutsitako umiltasun eta konpromisoarengatik. 80 urte beteko ditu martxoaren 1ean eta Lezaman entrenatzaile bezala ezagutu zuen Iker Bizkarguenaga GARAko lankidearekin osatu dugu bere soslaia.

Iribar, San Mames zaharrean jokatu zuen azken partidan.
Iribar, San Mames zaharrean jokatu zuen azken partidan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Athleticen eta herri honen futbol enbaxadore garrantzitsuenetako bat da Jose Angel Iribar. Munduko atezainik onenetako bat izatearekin batera, eredugarria izan da bere ibilbidea beste zenbait esparrutan. Zarautzen jaioa 1943ko martxoaren 1ean, Makatza izeneko baserrian hazi zen, eta kirola egiteko dohain apartak zituela erakutsi zuen gaztetatik.

Bere herriko taldean hasi ostean, Basauriko Basconia taldean abiatu zuen ibilbide profesionala 18 urterekin. Bertan ezarri zioten «Txopo» ezizena, bere itxurak makal zuhaitza gogorarazi ziolako zale bati. Bigarren Mailan lehiatzen zuen talde bizkaitarrak sasoi hartan, eta Kopan garaiko txapelduna zen Atletico Madril kanporatzeak sekulako oihartzuna izan zuen. Iribarren geldiketa bikainek eta erakutsitako maila apartaren ondorioz, talde indartsuagoek eskaintzak egitea ekarri zuen. Bartzelona, esaterako, hiru miloi pezeta ordaintzeko prest agertu zen. Basconiak kataluniarren kontra jokatu zuen hurrengo kanporaketa, eta 10-1 irabazi zion bueltako partidan. Hala ere, fitxatu nahi zutela esan zioten. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak ‘Iribar, irudia eta eredua’ liburuan jasota daukanaren arabera. Gero Athleticera joan zen miloi baten truke, eta 1962ko irailean Malagan debutatu zuen Carmelo Cedrun ordezkatuz. Hemezortzi denboraldi egin zituen talde zuri-gorrian atezain bezala, eta partida gehien jokatu dituen jokalaria da. 614, hain zuzen ere.

INOR EZ BEZALAKOA

Iribarrek bi Kopa irabazi zituen Athleticekin eta UEFAko txapeldunordea izan zen 1977an. Hilzorian ere egon zen, sukar tifoidea harrapatuta. Agian horregatik hezur eta mamizko mito zuri-gorri bat da zale guztientzat. Jaungoikoa goitizenez ere izendatzen dute sarritan, eta bere kondaira porrot mingarri baten ostean eraikitzen hasi zen.

Izan ere, 1966an Zaragozaren kontra Kopako final bat galdu ondoren, zaleek Iribar bezalakorik ez dagoela aldarrikatzen duen kanta ezaguna sortu zuten eta bizkar gainean atera zuten zelaitik. Bestalde, atezain bezala jokatzeko modua eraldatu zuen, eskuz baloia jokoan ipintzerakoan. Nabarmentzen dutenez, ez zuen alferrikako erakustaldirik egiten, eta lasaitasuna eta segurtasuna ematen zuen.

Espainiako selekzioarekin 49 partida jokatu zituen, eta Eurokopa bat irabazi zuen 1964an. Bere txikitako idoloa izan zen Lev Yashinen Sobietar Batasuna gainditu zuen finalean. Nazioarteko berrogeita hamargarren partida euskal selekzioarekin jokatu zuen, eta hautatzaile izandakoa da bi hamarkadetan. Zarauztarraren irudia ere estuki lotuta dago Euskal Herriaren pasarte historikoekin. 1976an ikurrina atera zuen Kortabarriarekin batera Atotxan jokaturiko derbian. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen. Eta euskara bultzatzeko erabili zuen bere omenaldian jasotako dirua.

ADEITSUA eta serioa

Erretiroa hartu zuenetik, eginkizun ezberdinak izan ditu klubaren barnean. Ohikoa da egunerokoan Lezamatik igarotzea eta lehen taldearekin bidaiatzen ikustea. Harrobiko entrenatzaile gisa ezagutu zuen 1992an Iker Bizkarguenagak, GARAko kazetariak. «Pertsona oso serioa» zela azpimarratzen du, «baina aldi berean adeitsua; jokalaria gustura egotea saiatzen zen eta lortzen zuen». «Futbol ikuspegiari bezainbesteko garrantzia ematen zion jokalarien jarrerari. Aurkaria beti errespetuz tratatu behar zela argi uzten zigun, inolako harrokeriarik gabe», azaltzen du Bizkarguenagak. Ildo horretan, gogora ekartzen du Bizkaiko talde baten kontra jokatzen ari zirela, beste taldeko jokalariak euren artean «colegui», «tronco» eta halakoak esaten hasi zirela. Eta Iribarrek «erdi serio erdi bromaz esan zigun gure artean horrela arituz gero zuzenean aldagelara bidaliko gintuela». «Formak asko zaintzen zituen», komentatzen du.

Nabarmentzen duen beste ezaugarri bat da euskaraz hitz egiten zuten jokalariei «beti euskaraz» egiten ziela. Oroitzapen bikaina gordetzen du, eta sinetsita dago inork ezin duela Iribarren aurka ezer esan. «Oso umila iruditu izan zait beti, handiusterik gabea. Ez zeukan inolako arazorik hurbiltzen zitzaion jendearekin lasai berba egiteko», azpimarratzen du Bizkarguenaga lankideak.