EH Bilduk emakumeak jarri ditu Gipuzkoako zerrendaburu
EH Bilduk Gipuzkoako eta Bizkaiko launa barrutietako zerrendetako hautagaiak aurkeztu zituen. Gipuzkoan, proposatutako denak andrazkoak dira: Maddalen Iriarte (Donostialdea), Estitxu Elduaien (Deba-Urola), Itziar Ostolaza (Bidasoa-Oiartzun) eta Laida Begiristain (Oria).

Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako hauteskunde-zerrenden proposamenak aurkeztu zituen EH Bilduk atzo, eta bihar arteko epea izango dute militanteek hautagaitzei botoa emateko. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lau barrutietako EH Bilduren zerrendetako buruak emakumezkoak izango dira.
Ahaldungai nagusi den Maddalen Iriarte Donostialdeko barrutiko burua izango da, eta, berarekin batera, Estitxu Elduaien izango da zerrendako lehena Deba-Urola barrutian; Itziar Ostolaza, Bidasoa-Oiartzunen; eta Laida Begiristain, Orian.
Horrekin batera, Donostialdeko barrutian Luix Barinagarrementeria abokatua izango da zerrendako bigarren postuan, eta Aitor Irure, Deba-Urolan.
EH Bilduk azaldu zuenez, Gipuzkoarako zerrendetako proposamenak «esperientzia eta berritasuna» batzen ditu, baita lurraldearen «ezagutza sakona» bermatzen ere.
Bizkaian
Bizkaiko lau barrutietako hauteskunde-zerrendak ere ezagutarazi ditu EH Bilduk. Iker Casanova da ahaldungai nagusia eta hauek dira koalizioak proposatutako gainerakoak: Bilboko barrutitik, Rakel Goñi (EAko Bizkaiko koordinatzailea), Durango-Arratiako barrutitik, Bea Ilardia (batzarkidea eta 2019ko ahaldungai nagusia) eta Busturia-Uribeko barrutitik, Txus Arriola (Berritxuko alkatea).
Enkarterriko barrutian, Casanovaren atzetik Izaskun Duque eta Aitor Llano proposatu ditu taldeak. Batzarkidea eta Bizkaiko arduradun instituzionala da lehena, eta Balmasedako Gizarte Politiketako zinegotzia, bigarrena.
Raul Mendez batzarkideak eta Alba Fatuarte Bilboko zinegotziak betetzen dituzte Bilboko bigarren eta hirugarren postuak; Arantzi Sarasola Erandioko zinegotziak eta Rakel Elu Lea-Artibaiko mankomunitateko presidente ohiak, Busturia-Uribekoak; eta Idoia Buruaga Elorrioko alkateak eta Aitor Lopez Durangaldeko mankomunitateko presidente ohiak, Durango-Arratiakoak.
Donostian
Olaia Duarte izango da Juan Karlos Izagirre buru duen Donostiako Udalerako zerrendako bigarrena, beti ere koalizioko militanteek hauteskunde batzordearen proposamena berresten badute.
Duarte zinegotzia izan da Donostiako Udalean azken agintaldian. Arlo sozialean aditua da eta Gipuzkoako hiriburuak azken urteotan duen etxebizitza arazoari arreta berezia eskaini dio.
Hirugarren posturako Javi Vitoria proposatu du EH Bilduk. Izagirre alkate zenean Udaleko Ogasun arduradun izan zen eta euskal presoen aldarrikapenen defentsan ere eskarmentu handia dauka.
Laugarren eta bosgarren posturako, berriz, egun zinegotzi diren Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran proposatu dituzte.
Seigarren posturako, bi izenen artean erabaki beharko dute militanteek: zinegotzia den Markel Ormazabal aurkeztu du hauteskunde batzordeak, eta Zigor Etxaburuak, Aldundiko euskara zuzendari ohiak, bere burua aurkeztu du.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
