GARA
IRUN

6.253 migrante artatu zituzten iaz Irungo Hilanderas I zentroan

Gurutze Gorriaren txostenak dioenez, 2022an 6.253 pertsona migratzaile artatu zituzten Irungo Hilanderas I aterpean, aurreko urtean baino %20 gutxiago. Horietatik mila baino gehiago emakumeak ziren eta 50 inguruk adingaberen bat zuten beren ardurapean.

Nerea Melgosak Hilanderas I eta II bisitatu zituen.
Nerea Melgosak Hilanderas I eta II bisitatu zituen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gurutze Gorriak Irunen dagoen Hilanderas I gunean igaroan dauden pertsona migratzaileei arreta ematen die eta 2022ko jardueraren balantzea aurkeztu zuen atzo, Iragaitzazko Migratzaileei Premiazko Arreta Emateko Erakundearteko Koordinazio Mahaiaren bileran.

6.253 pertsona artatu zituzten 2022an zehar, aurreko urtean baino %20 gutxiago. Horietatik %78 gizonak ziren, %17, emakumeak, eta %5, adingabeak. Urteko lehen hiruhilekoan izan zen pertsona fluxu handiena, 850 bat lagun iritsi baitziren; urtean zehar, berriz, ia erdiak.

Irungo zentro horretara iristen diren pertsonen batez besteko adina 24 urtekoa da gizon helduetan, eta 27 urtekoa emakume helduetan; adingabeetan, berriz, 4 urtekoa da mutiletan eta 5 urtekoa, nesketan. Jatorriari dagokionez, Ginea (%37) eta Boli Kosta (%25) dira nazionalitate ohikoenak.

Nerea Melgosa, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, bileran izan zen. Jakinarazi zuen 2022an ez dela beharrezkoa izan Hilanderas II zentroa aktibatzea baina, azaldu zuenaren arabera, «salbuespen» gisa erabili da Ukrainatik etorritako errefuxiatuak artatzeko. Ondoren, Mediterraneo inguruan dauden beste autonomia erkidego batzuetara joan dira Ukrainatik heldutako migratzaile horiek.

«Trantsizioko migrazioa egiturazko errealitate bat da», adierazi zuen Melgosak eta, horregatik «egiturazko erantzunak» behar dituela gaineratu zuen. «Kontinente zaharrak korridore seguruen sorrerarekin bere espiritu humanitarioa berreskuratzen ez duen bitartean, Hilanderas I eta II bezalako baliabideak behar izango ditugu», adierazi zuen, eta goraipatu egin zuen hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta eragileek egiten duten lana.

Halaber, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri zuen Pirinioetako Lan Elkarteak, Urkullu lehendakaria buru duela, gutun bidez eskatuko duela parte hartzea espainiar eta frantziar Estatuen arteko Adiskidetze eta Lankidetza Itunean aurreikusitako Mugako Lankidetzarako Batzordean.

Joan den urteko irailean, Irungo Harrera Sareak salatu zuen Hilanderas zentroak «erabiltzaileak presionatzen» dituela bertatik hainbat azkarren ospa egin zezaten; sartzean esaten omen diete hiru egunez baino ezin direla zentroan geratu. «Presio horrek behar baino lehen alde egitera bultzatzen ditu», azaldu zuen Harrera Sareak, eta gaineratu zuten horren ondorioz muga era arriskutsuagoan zeharkatzen dutela migratzaileek.

Horren harira, Harrera Sareko kideak Gasteizko zenbait legebiltzarkiderekin batu ziren duela hiru hilabete, egoeraren berri eman eta konponbidea eskatzeko.