Maider IANTZI GOIENETXE
BERA
Elkarrizketa
XABIER AMURIZA SARRIONANDIA
Euskal Herriaren aldeko bizi osoko lanagatik omendua

«Poz olatu bat sentitu nuen.Hori da gehien baloratzen dudana»

Zornotzarrak Monzon-Ganuza saria jasoko du gaur Bergaran. Bertako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak adierazi dutenez, Amurizaren ibilbideak bat egiten du bikoteak izan zituen balioekin. Hura omentzearekin batera, artista berriak bultzatu nahi dituzte, belaunaldien arteko zubiak eraikiz. Iker Serrano iruindarrak prestatu du harentzako artelana.

(Endika PORTILLO | FOKU)

Euskal Herriari bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzen ditu Monzon-Ganuza sariak. 2021ean bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zenetik; orduan sortu zuten ekimena Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak. Estreinako saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zioten; bigarrena, Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Hirugarren hau Xabier Amuriza Sarrionandiarentzat da (Etxano, 1941).

Bertzeren artean, bertsolaritzara ekarri zuen iraultza eta urte latzetan herri hau pizteko egin zuen ekarpena hartu dituzte kontuan. Ezin ahantzi, bere kultur jario oparoa, bustitzen eta elikatzen jarraitzen duena. Hori guztia eskertuko diote gaur, senide eta lagunez inguratuta, Bergarako Seminarixoan izanen den ekitaldian.

Kazetaria joan ohi da elkarrizketatuaren herrira; oraingoan alderantziz izan da. Ume ttiki bat dugula erran diogunean egun-pasa bat antolatu du Beran Arantza emaztearekin. «Jubilatuak gara eta gustura joango gara. Ume txikiak merezi du hainbeste». Apuroa ematen zidan ekarrarazteak, gehiago hau kontatzeak, baina iruditzen zait aunitz erraten duela bere izaeraz.

Urteetan etorri da bestetan bertsotara, eta maite du paraje hau. Adiskideak ere baditu. Eguerdi goxo bat pasa dugu, euria eta freskura izan arren.

Zorionak! Hirugarren saria duzu urte guttian: Manuel Lekuona, Lauaxeta eta, orain, Monzon-Ganuza.

Nahiko ezustean hartu dut. Baina orain ezustean zernahi hartzen dut, zeren kanpo-esferan bizi naiz. Bergarako alkateak berria eman zidanean halako poz olatu bat sentitu nuen, uhin bat barrutik, belaunetan eta -ez dakit igeri, e!-, baina badakit olatuaren kolpea gorputzean nolakoa den, plaf! ematen dizu. Badakit onarpen bat izan dela. Gainera, Monzon-Ganuza eta Bergara niretzat kutunak dira. Bergaran asko ibili naiz, eta Telesfororekin eta Josefarekin izan dut harremana, ez bakarrik identifikazio bat gauza askotan, baizik eta harreman pertsonala ere bai.

82 urte egin behar ditut maiatzean, eta poza da gehien baloratzen dudan sentimendua. Bizitzan poz uneak pilatu direnean elkarren segidan hori izan da arorik ederrenetarikoa, eta arorik ederrenetariko horretan bizi naiz, zeren orain ez daukat aparteko erantzukizunik, egin beharrekoak eginda ditut, eta tarteka aitorpen bat etortzen zait [irri egiten du]. Ez daukat lehiatu beharrik. Sariaren motiboak irakurtzen ditudanean etortzen zaizkit duela 40 urte egindakoak. Orduan, bertsolaritzan adibidez, banituen kontrarioak edo nire estiloa gustatzen ez zitzaienak, baina orain sari bat ematen badidate suposatzen dut hori eman didatenek kariño bat didatela.

Zein dira zure mugarriak?

Lehenengo mugarria edo oinarria haurtzaroa da. Erreferentzia guztiek horra naramate. Haurtzaro bat izan nuen 10 urte artekoa. 10-11rekin fraile karmeldar joan nintzen. Han beste bizitza bat hasi nuen, baina oraindik haurra nintzen. Gero nerabezaroa eta gaztaroa eman nuen seminarioan. Oraintxe ere zerbait sentitzen badut beti sakonean haurtzarora buelta bat dago. Biligarroa, aspaldi entzun gabea, hasi da gaur goizean kantatzen eta hark emozionatzen banau ez da orain emozionatzen nauelako, baizik eta haurtzaroan entzuten nuenetik orain arteko guztia dakarkidalako.

Apaiz aroa laburra baina intentsoa izan zen, ezta?

Bai. 11 urte iraun zuen, baina zazpi kartzelan. Apaiz jardunean hiru urte eta erdi.

Zer ikasi zenuen?

Frankismo gordinean geunden. Seminariotik apaiz atera nintzenean 24 urterekin burua garatua nuen nire ideia eta sentimenduetan, borroka abertzale eta sozialetan. Atera nintzen pentsatuz apaizgoak balioko zidala horiek guztiak aurrera eramateko eta Euskal Herriaren berpizkunde hori bultzatzeko, baita diktaduraren kontra ere.

1965ean egin nintzen abade, eta 1960tik 70era Euskal Herriaren pizkunde bat gertatu zen. Mixel Labegeriek kantatzen zuen kanta, ‘‘gu gira Euskadiko gazteri berria’’ hori, sinesten genuen. Urte gutxian gauza asko gertatu ziren sozialki, politikoki, kulturalki, eta hor geunden. Apaizok indar handia genuen. Ikasi baino gehiago, emateko genuen. Bagenituen azpiegiturak, lokalak, babes bat. Urte gutxian aldatu zen asko. 65ean seminario eta konbentuak beterik zeuden ikaslez; handik bost-hamar urtera hutsik zeuden!

Neure bizitzako esperientziarik aberatsenetakoa apaiz aroa da. Gerra ondoan azpian gelditu zen galtzaileen gehiengo nagusiak nahi zuen zerbait; ikusi zutenean mugimendua zetorrela eta apaizak ere horretan zebiltzala, entzun nahi zuten, sentitu nahi zuten.

Lehenengo aldiz eliza baten aurrean atxilotu ninduten. Herri txiki batean ezkontza bat egin nuen. Eliza bete-beterik, familiakoak, lagunak, herria han. Kalera atera eta loreak botatzen ari zirenean atxilotu ninduten. Aldarean jantzi solemneekin ikusi duzuna zure aurrean horrela eramateak inpaktu handia sortu behar zuen.

Kargu politikoak ere bete zenituen: Zornotzako Udalean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Gasteizko Legebiltzarrean ibili zinen.

Bai, eta bertsolari moduan parte hartu izan dut deitu izan didaten toki denetan.

Mugarriekin ari ginen. Kartzelako etapan gelditu gara.

Gogorra izan zen. Hunkigarria ere bai. ‘‘Hiztegi errimatua’’-ren eta ‘‘Zu ere bertsolari’’-ren oinarriak han idatzi nituen. 50 urte geroago ‘‘Apaiz Kartzela’’ dokumentala egin genuenean hara itzuli ginen. Horretaz hitz egitea eta karga gaizto hura arintzea gozamena da. Gelditzen diren gazteenetarikoa naiz. Kartzelan geundenean olatua gorantz zetorren, hori genuen alde.

Ondoren bertsotan hasi nintzen, ‘‘Egin’’-en ere bai. 20 urtez idatzi nuen ‘‘Semaforo gorria’’ zutabea. Beste etapa bat izan zen hori, 65 urterekin jubilatu nintzen arte. 75 urterekin, 2016an, plazak utzi nituen. Eta utziz gero utzi egin behar da, salbuespenik gabe.

Literaturan segitzen duzu.

Erabaki bat hartu dut: hemendik aurrera argitaratuko dudan guztia sarean jarriko dut eta kito. Argitaletxeen dinamikari jarraitzeko denborarik ez dut. Ordenagailua beterik daukat gauza askoz. Dakien bati laguntza eskatu nion eta ari da egiten. Bertsoak eta esplikazioak izango dira. Hainbeste okasiotarako bertsoak eskatu izan zaizkit... Izenburua izango da ‘‘Itxi dezagun zirkulua’’.

«Uharte bat Venusen» azken nobelan mundu distopiko bat sortu zenuen.

Bai, eta hizkuntzaren inguruan gauza gogor bat planteatu nuen: aditza sinplifikatzen ez bada gure hizkuntzak ez du etorkizunik. Hasteko, aditza ez du inork menderatzen. Forma arruntez ari naiz. ‘‘Ikusi nizun’’ esaten da. ‘‘Zer ikusi zenidan?’’, txiste hori jada ez da ulertzen. ‘‘Zu’’. Orduan ‘‘zintudan’’ da. Lortu behar dugu aditz sinple bat. Nobelako hizkuntzan hori egiten dut, eta ulertzen da. Badago mito bat gure aditzaren konplexutasunaz, baina erredundantzia aspergarri bat da. ‘‘Neuk emango dizkizut giltzak’’, adibidez. ‘‘Neuk emango zuri giltzak’’ ulertzen da.

Nola ikusten dituzu hizkuntza eta herria?

Makal. Duela 40 urte genuen perspektiba hori, ‘‘hau ekarriko dugu’’, ez dator. Euskal hiztun gehienek hobeto menderatzen dute erdara, fase horretan egongo gara irauten sua hauspean bezala. Hizkuntza sozial hegemoniko batera iristeko itxaropenik ez daukat.

Bost zentzumenak piztuz amaitu nahi nuke. Aukeratu gustuko batzuk.

Usaina, garoarena. Soinua, kukua, biligarroa, zozoa. Urdaia jaten dudanean haurtzaro guztia jaten dut. Cola Caoaren inbidian pasatu nituen urteak seminarioan, eta bizitza honetan minutu bat daukadala esango balidate cola cao bat hartuko nuke. Sentimendurik beteenak dira haurtzarotik hona dena bat egiten dutenak. Bada une bat, hain sentsazio berdina da, han nagoela, baina ez dauzkat zazpi urte.

Irudi bat eta testura bat?

17 urte nituenean sartu zen argindarra etxean eta gauez egunez bezala ibiltzen nintzen ukimenarekin. Zuhaitza ukitzea gustatzen zait, batzuetan igotzen naiz. Eguzki sarrera bat ikusten badut ikusten dut gure etxetik ikusten zen horizontea. Zentzumen guztiak daude haurtzaroarekin lotuak. Denborarekin garbitu egiten ditugu oroimenak. Umetan negar asko egin nuen seminarioan, baina orain gogoratzen naizenean ez dut negarrik egiten. Eta beste gauza batzuk gogoratzean, zer gustura!

[Milesker, Xabier eta Arantza, oroimen kutunen artean gordeko dugu topaketa hau].