GARA
SNOWBOARDA

Alvaro Romerok zilarra lortu du Veysonnazen

Alvaro Romero, 26 zenbakiarekin, podiumean.
Alvaro Romero, 26 zenbakiarekin, podiumean. (BASQUE TEAM)

Oraindik ez ditu 20 urte bete Alvaro Romero snowboarder donostiarrak, baina dagoeneko Munduko Kopako domina bat kolkoan dauka. Suitzako Veysonnazen erdietsi zuen atzo balentria hori Basque Teameko kirolari gipuzkoarrak, zilarra lortuta.

«Pozarren nago», onartu zuen Basque Teamek bidalitako adierazpenean. «Konfiantzaz gainezka nengoen iaz Junior Mailako Munduko Txapelketan eta Munduko Kopako azken probetan emandako maila dela-eta. Hargatik, lehenengo kanporaketatik hasita, topera joan naiz. Estu izan bada ere, aurrera egitea lortu dut, finalera iritsi arte», gaineratu zuen.

Alvaro Romerok ez du denboraldi erraza bizi izan. Gripeak jota, ezin izan du orain arte nahi bezala distira egin. Bakurianiko (Georgia) Munduko Txapelketan bere ahalaren zertzeladak laga zituen, hamahirugarren postuan amaitu ondoren duela aste batzuk. Atzo, berriz, orain arteko bere balentriarik handiena erdietsi zuen.

TXANDAZ TXANDA

Final-zortzirenetan jarri zen Romero lehenengo tokian, eta postu horri eutsi zion Davd Pickl austriarraren eta Nick Baumgartner estatubatuarraren aurretik. Final-laurdenetan, donostiarrak Martin Noerl alemaniarra bezalako aurkari gaiztoak izan zituen aurrez aurre, baina berriro bere txanda irabazteko gai izan zen, Adam Lambert eta David Pickl gaindituta.

Finalerdietan berriz ere Martin Noerl izan zuen aurkari, eta horrez gain, Omar Visintin eta Glenn de Blois italiarrekin neurtu zen. Romero ez zen kikildu eta bigarren postuan helmugaratu zen. Horrek eman zion final handira pasatzeko txartela.

«Gutxi falta izan zait finala bera ere irabazteko», onartuko zuen gero, penatan. «Akats txiki bat egin dut eta kostata saihestu dut erorketa. Orduan neure buruari esan diot nola edo hala eutsi behar nuela. Azkenera arte irabazten saiatu naiz eta, hala izan ez bada ere, oso pozik nago. Hauxe da nire aurreneko podiuma Munduko Kopan. Eta, denboraldia amaitzeko falta denari begira, oso itxaropentsu nago», azaldu zuen snowboarder gipuzkoarrak.

LUCAS EGUIBAR

Bestalde, Lucas Eguibarrek ezin izan zuen final-zortzirenetatik aurrera egin. Aurkari batekin ukitu txiki bat izan zuen eta hirugarren bukatu zuen bere seriea. Gisa horretan, Munduko Kopako lidergoa galdu du Eguibarrek.