Alaia SIERRA
GASTEIZ

Osasun zentroen kudeaketa gaitzesteko mobilizazioak, apirilaren 22an

Osasun Publikoa Aurrera plataformak atzo iragarri zuenez, datorren apirilaren 22an Gasteizen, Bilbon eta Donostian manifestazioak deitu dituzte, Lakuako Osasun Saila osasun zentroetan egiten ari den kudeaketa gaitzesteko. Iruñean ere kalera aterako dira.

Gasteizen atzo egindako prentsaurrekoan zehaztu zutenez, Lakuako arduradunen «utzikeria, zabarkeria eta bat-bateko kudeaketa» salatuko dituzte. «Osasun planez mozorrotutako desegite planak» Lehen Mailako Arretan hutsune asko sortzen ari direla azaldu zuten.

Adibidetzat jarri dituzte osasun zentrorik gabe dauden auzoak, pediatrarik edo EAG pediatrikorik gabe daudenak, familia medikurik gabe daudenak, aurrez aurreko arretarik ez dutenak, etengabeko arretaren bermerik gabekoak edo larrialdi zerbitzurik ez duten auzoak.

Horrez gainera, arreta jasotzeko itxarote denboraren okertzeaz ohartarazi zuten, eta Estatu espainoleko «okerrenetarikoak» bihurtu direla salatu. Zehaztu zutenez, Gasteizen, familiako medikuen arreta jasotzeko bost egunez itxaron behar da, espezialistak zerbitzu minimoetan ari dira lanean, kasu batzuetan bost hilabete itxaron behar da, eta larrialdietan itxaroteko denbora bi ordu eta erdi izatetik lau edo bost ordu izatera igaro da.

Hamar plataformaren elkarlana

Hamar plataformarekin koordinatuta antolatu dituzte mobilizazioak. Gainera, datozen asteetan beste kolektibo, elkarte eta sindikatuekin harremanetan jarriko direla iragarri zuten, «ahalik eta atxikimendu gehien lortze aldera».